Gizartea -
Kilma aldaketa
Artikoa 2030. urtea baino lehen gera liteke itsas izotzik gabe, ikerketa baten arabera
Berotze globalaren mugarri izan daitekeen gertakari hori uste baino lehenago jazo daiteke: 2027ko abuztuan, aurreikuspen ezkorrenen arabera. Artikoa izotz gabe geratzeak ekosistemari eta klimari eragin diezaieke, muturreko fenomeno meteorologiko larriagoak eraginda.
Agentziak | EITB Media
Aurreikusita zegoena baino lehenago irits liteke: Artikoaren itsas izotzik —izoztutako itsas ura— gabeko lehen eguna 2030a baino lehen erregistratu daiteke. Nazioarteko zientzialari talde batek ikerketa egin du, eta iragarri du 2027ko abuztuan gerta litekeela.
Artikoko itsas izotzak hamarkadak daramatza urtzen, erritmo kezkagarrian. 1979tik hamarkadako % 12 murriztu da. Munduko potentziek ez dituzte negutegi efektuko gasen isuriak eten, eta, ondorioz, berotze globala azkartzen jarraitu dute.
Egun, itsas izotzak 4,28 milioi kilometro koadroko azalera hartzen du, 1979 eta 1992 urteen artean zuen azaleraren (6,85 milioi kilometro koadro) azpitik. Zientzialarien arabera, izotzak milioi bat kilometro koadro baino gutxiagoko azalera hartzen duenean esan ahalko da Artikoa itsas izotzik gabe geratu dela.
Egindako ikerketan, hainbat emakumezko zientzialarik modelo informatikoak erabili dituzte egun seinalatua noiz izan daitekeen kalkulatzeko. Estimazio ezkorren arabera, hiru urteren buruan jazo daiteke. Gainera, bederatzi modeloren arabera, 2027 eta 2030 urteen artean gerta liteke. Ikerketaren emaitzak Nature Communications aldizkari ezagunean kaleratu dituzte abenduaren 3an.
"Itsas izotzik gabeko lehen egunak ez ditu gauzak drastikoki aldatuko", azaldu du Alexandra Jahn Coloradoko Unibertsitateko (AEB) Zientzia Atmosferiko eta Ozeanikoen Departamentuko irakasleak.
Itsas izotzak berotzetik babesten du Artikoa, eguzkiaren argia bueltan islatzen baitu. Izotz geruza murriztuta, itsasoko urak bero gehiago xurgatuko du, eta Ozeano Artikoaren eta gainerako ozeanoen tenperatura handituko da. Horrez gain, haizearen eta korronte ozeanikoen patroiak alda daitezke, eta, hala, muturreko fenomeno meteorologikoak are larriagoak izango dira.
Bada albiste onik: negutegi efektuko gasen isuria murriztuko balitz, Artikoaren kronograma aldatuko litzateke eta egun seinalatu hori atzeratu, ikerketa beraren arabera. "Isuriak apur bat geldituta ere, posible litzateke itsas izotza mantentzea", azaldu du Jahnek.