Gizartea -
Ingurune digitalak
6 urtera arte pantailarik ez eta 16 urtera bitartean telefono analogikoak erabiltzeko gomendioa egin dute
50 adituk osatutako batzorde batek adingabeen mugikorraren erabilera mugatzeko 107 proposamen egin dizkio Espainiako Ministroen Kontseiluari.
EITB MEDIA
Espainiako Ministroen Kontseiluak 50 adituk osatutako batzorde batek egindako txostena jaso du astearte honetan. Txosten horretan, adingabeen artean pantaila eta gailu digitalen erabilera murriztea gomendatzen da. Funtsezko neurrien artean, 6 urtetik beherakoei pantailekiko esposizioa debekatzea eta 16 urtera arteko telefono analogikoak lehenestea nabarmentzen da. Gainera, adin txikikoen presentzian helduen mugikorren erabilera mugatzea proposatu dute.
Txostenak gomendio espezifikoak ezartzen ditu adin-tarteka: 0-3 urte bitartean, ez da komeni pantailak erabiltzea; 3-6 urte bitartean, kasu jakin batzuetan bakarrik onartuko lirateke gailuak, helduen gainbegiradapean; 6-12 urte bitartean, aurrez aurreko eta bizipenezko jarduerak lehenesten dira, Interneterako sarbidea duten gailuen erabilera mugatuz; eta 12-16 urte bitartean, lehen mugikor adimenduna ahalik eta gehien atzeratzea gomendatzen da, Internet gabeko telefonoen erabilera lehenetsita, beharrezkoa bada, betiere gurasoen kontrolpean.
Teknologiarako sarbide progresiboa eta segurua arautzeaz gain, adituek familien eta industria teknologikoaren erantzukizuna azpimarratzen dute. Proposatutako 107 neurrien artean, honako hauek daude: gailuak espazio digital seguruak lehenetsita konfiguratzea, gailuen etiketetan arriskuei buruzko nahitaezko ohartarazpenak egitea, eta adingabeengan eragina duten txostenak egitea. Era berean, salaketa-mekanismoak eta eduki desegokiak blokeatzeko mekanismoak indartzea iradokitzen dute.
Hezkuntza-esparrua ere aztertu dute, eta haur eta lehen hezkuntzetan gailu digitalen erabilera pribatua debekatzen duten proposamenak egin dituzte; DBHn, tresna pedagogiko gisa soilik erabiltzea jarri dute mahai-gainean. Horrez gainera, adituek ikastetxeetan erabiltzen diren aplikazioak berrikusteko, berehalako haborokin-sistemak ezabatzeko eta adinaren araberako erabilera-muga argiak ezartzeko eskatu dute.
Beste alderdi nabarmen bat da adingabeen pribatutasuna sare sozialetan babestea. Txostenak zenbait praktika arautzea planteatzen du, hala nola sharenting-a (influencer-ek edo eduki-sortzaileek adingabeen irudiak partekatzea), eta adingabeak jarduera ekonomiko digitaletan erakusteko berariazko debekua.
Espainiako Gobernuak ziurtatu du ekainean onartutako ingurune digitaletan adingabeak babesteko Lege Organikoan jasota ez dauden proposamenen bideragarritasuna aztertuko duela.