Gizartea -
GIZA ESKUBIDEAK
Palestinar Iheslariei Laguntzeko NBEren agentziak jasoko du 2024ko Rene Cassin saria
Sarien banaketa ekitaldia datorren abenduaren 9an egingo da, Giza Eskubideen Nazioarteko Egunaren bezperan.
EITB Media
Eusko Jaurlaritzak Palestinar Iheslariei Laguntzeko Nazio Batuen Agentziari (UNRWA) emango dio 2024ko Rene Cassin saria, "nazioarteko zuzenbide humanitarioaren defentsaren aldeko borroka nekaezinagatik", Justizia eta Giza Eskubideetako Sailak gaur jakinarazi duenez.
Sariarekin milioika iheslari palestinarren giza eskubideen babestu eta sustatzeko izan duen funtsezko konpromisoa aitortu eta balioan jarri nahi izan du epaimahaiak.
Jaurlaritzak 2003an sortu zuen saria, eta urtero ematen die giza eskubideen defentsan nabarmen diren pertsona eta elkarteei. Palestinar Iheslariei Laguntzeko Nazio Batuen Agentziaren izenean, UNRWA Euskadik jasoko du saria datorren abenduaren 9an egingo den ekitaldian.
Deialdira aurkeztutako hautagaitzak aztertu ondoren, epaimahaiak erabaki du erakunde hori saritzea, besteak beste, "milioika iheslari palestinar babesteko egiten duen ahaleginagatik, eta, besteak beste, hezkuntza, osasun-arreta eta laguntza humanitarioa diren funtsezko zerbitzuak bermatzeko egiten duen lanagatik".