Gizartea -
Indarkeria matxista
Pasaian bikotekide ohia hiltzeagatik atxilotutako gizona epailearen aurrera eraman dute
Larunbatean atxilotutako 53 urteko gizona epailearen esku utzi dute astearte honetan, Donostian.
EITB Media
Iragan larunbatean Pasaian (Gipuzkoa) 45 urteko bikotekide ohia suzko arma batekin hiltzea egotzita atxilotutako 53 urteko gizona epailearen esku utzi dute gaur, Donostian, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakinarazi duenez.
Hilketa joan den larunbatean gertatu zen, arratsaldeko laurak aldera, Pasaiako etxebizitza batean. Emakumea hil ondoren, akusatuak ibilgailu batean ihes egin zuen.
Ondoren, Villabona-Amasako Udaltzaingoaren egoitzara joan zen, eta bertan atxilotu egin zuten. Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak baieztatu zuenez, biktimak 2020an aurkeztu zuen gizonaren kontrako salaketa, baina auzia bi urte geroago artxibatu zuten.
Arartekoak "samin eta atsekabe handiz" gaitzetsi du Pasaian (Gipuzkoa) gizon matxista batek Leonor izeneko bikotekide ohia hil izana, eta gaitzespenaz gain, kasua bera eta horren inguruabarrak "zorrotz berrikustea" eskatu du, ulertzeko zergatik, biktimak erasotzailea salatu arren, "ezin izan duten emakumea babestu" eta salatutako erasotzaileak bera hil izana saihestu.
Bestalde, Euskal Herriko Mugimendu Feministak protokoloak gogor kritikatu ditu: "Miren Elgarresta Emakundeko zuzendaria entzun dugu protokoloak ondo funtzionatzen duela esaten. Zer da ondo funtzionatu duena? Leonorrek salaketa jarria zuen eta indarkeria matxistaren expedientea zabalik izan zuen urte batzuetan. Horren ondoren gizon horrek berak erail du Leonor, nola egin dezake Emakundeko zuzendariak balorazio hori?"