Gizartea -
OSAKIDETZA
Emaginek salatu dute pertsonala falta dela eta eskualdearen zein hilabetearen arabera arreta ezberdina dela
10.000 emakumeko 3,81 emagin daude EAEn, Europako batezbestekoa 9,1eko denean. "Zergatik udan erditzen diren emakumeek ezin dute erditu ondorengo talderik eta edoskitze talderik izan? Eskubideak ez dira urtaroen araberakoak", salatu dute kolektiboaren ordezkariek.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Euskal Autonomia Erkidegoko emaginen kolektiboak Eusko Legebiltzarrean salatu duenez, Euskal Osasun Zerbitzuan ez dago profesional nahikorik, eta emakumeek arreta desberdina jaso dezakete urteko garaiaren eta dagokien osasun-eskualdearen arabera.
Nekane del Olmo eta Leire Ascargorta bozeramaileek agerraldia egin dute Legebiltzarreko batzordean euren aldarrikapenen berri emateko.
Osasun Ituna erdietsita, Osakidetzaren egoera hobetzeko proposamenak aztertzen eta planteatzen ari diren une honetan, emaginek tamalgarritzat jo dute "emagin" hitza ia ez agertzea lan-dokumentuan, baita osasun arlo hau erizaintzaren barruan kokatua geratzea ere, euren lana espezifikoa denean.
Ospitaleetan lan egiten duten emaginen izenean hitz egin du Nekane del Olmok, eta abiapuntu gisa salatu du kolektiboak ez duela ulertzen emagin gehiago zergatik ez diren formatzen, falta direla ikusita. Euskadin 10.000 emakumeko 3,81 emagin daude, eta Europan, berriz, 9,1eko da batezbestekoa.
Osakidetzako ospitaleetan ez dagoela emaginen inguruko politika komun bat ere salatu du, eta hori dela eta, emakume guztiek ez dituztela aukera berdinak. Izan ere, osasun-eskualdearen arabera, ratioa 10.000 emakumeko 1etik 3 emakumera aldatzen dela ohartarazi du.
Adierazi duenez, opor eta uda garaietan ez da arreta bera ematen, hilabete hauetan ez baitira beti ordezkapenak egiten. "Oso zaila egiten zaigu behar bezala lan egitea langile falta eta ratiooak eskuetatik joaten zaizkigunean", gaineratu du Del Olmok. Adibide gisa azaldu du erditze aurreko arreta ez dela berdina ospitale guztietan, eta esate baterako, Gurutzetan kendu egin dela Ginekologia eta Obstetrizia sail espezifikoa nabarmendu du: "Ospitale batzuetan eskubideak beti berma ditzakegu, eta beste batzuetan ez", laburbildu du.
Ohartarazi duenez, egoera hori "ez dute serio hartzen ospitaleetako zuzendariek", eta horren ondorioz, "beharrezkoa ez den arriskupean jartzen dira emakumeak eta haurrak".
Leire Azkargortak, bere aldetik, Lehen Arretako emaginen izenean hitz egin du. Emagin horiek arduratzen dira, besteak beste, erditze aurreko prestakuntzaz, erditu ostekoaz, bularra ematen laguntzaz, umetoki-lepoko minbiziaren prebentzioaz eta antisorgailuaren orientazioaz. Arlo horietan guztietan arreta ez dela berdin ematen osasun-eskualde guztietan berretsi du honek ere, eta arreta ez dela bera urteko sasoi guztietan ere.
Gauzak horrela, ESI guztietan eta hilabete guztietan zerbitzu bera eskaintzea eskatu du, emakume guztiek eskubide berdinak izan beharko lituzketela nabarmenduz. Hasteko, besteak beste, ordezkapen guztiak hasiera-hasieratik betetzeko eskatu du.
"Udan erditzen diren emakumeek zergatik ezin dute izan erditze ondoko talde bat eta edoskitze laguntzarako talde bat, adibidez? Eskubideak ez dira urtaroen araberakoak", ohartarazi du.
Lantaldea laster
Eusko Jaurlaritza babesten duten taldeetatik, Ekain Rico sozialistak Osakidetzan "dauden arazoak" konpontzeko Eusko Jaurlaritzak baduela borondatea defendatu du, eta Irina Rabalok (EAJ) ere esan du Osasungintzak ez duela "emaginak isilarazteko" asmorik, eta gogorarazi du laster lantalde bat sortuko dela haien eskaerak aztertzeko.
Rebeca Uberak (EH Bildu) adierazi du Osakidetzako langileen politika "errotik" aldatu behar dela eta Laura Garrido popularrak azpimarratu du "errotik eta behin betiko" erantzuna behar zaio auzi honi emakumeen artean ekitatea egon dadin, eskualdea eta urteko garaia edozein izanda ere.