Gizartea -
Gipuzkoa
Gizon bat atxilotu dute Tolosako etxe batean sute bat piztu eta bi pertsona zauritzea egotzita
Gaur goizean piztu da, Ibarralde auzoko etxe batean. Sutea hasi denean, bost pertsona zeuden eraikinaren barruan. Antza denez, duela gutxi arte ez zen inor bizi bertan.
EITB Media
Tolosako Udaltzaingoak 29 urteko gizon bat atxilotu du, bizi zen eraikinari ustez su emateagatik, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak ohar baten bidez jakinarazi duenez. Etxe barruan zeuden pertsonatatik bi zauritu dira, gutxienez.
Gaur, 09:30 pasata, Tolosako Udaltzaingoak eta Ertzaintzak Ibarralde auzoko etxe batean sutea piztu zela jakin dute. Dirudienez, duela gutxira arte etxe horretan ez zen inor bizi.
Udaltzaingoa, Ertzaintza eta suhiltzaileak bertaratu dira, eta sua itzali dute.
Agenteek sua piztu denean eraikinaren barruan zeuden bost pertsonak identifikatu dituzte. Horietako bik osasun-langileen laguntza behar izan dute, kea arnastu dutelako eta etxebizitzatik ihes egitean kolpeak jaso dituztelako.
Tolosako udaltzainek gizon bat atxilotu dute, sua piztea eta zauriak eragitea egotzita. Atxilotua Oriako ertzain-etxera eraman dute, eta bertan, ertzainek ikerketa abiatu dute. Beharrezko izapideak amaituta, atxilotutako gizona epailearen esku utziko dute.