Gizartea -
EUSKO LEGEBILTZARRA
Altxa Burua taldeak Hezkuntza Sailari eskatu dio dekretu bidez debeka dezan sakelakoen erabilera ikastetxeetan
Eskolak telefono mugikorrik gabeko arnasgune bihurtzea eskatzeko, 20.000 sinadura aurkeztu dituzte Eusko Legebiltzarrean.
AGENTZIAK | EITB Media
Altxa Burua taldeak eskolak telefono mugikorrik gabeko arnasgune bihurtzeko eskaria eraman du gaur goizean Eusko Legebiltzarrera. Zehazki, dekretu bidez, eskuko telefonoak eskoletan erabiltzea debekatu dezala eskatu dio Hezkuntza Sailari.
Taldeko hiru kidek —pediatra bat, hezitzaile bat eta Ordiziako institutu baten zuzendaria— beren kezkak eta eskariak azaldu dituzte Eusko Legebiltzarreko Hezkuntza Batzordean.
Halaber, 20.000 sinadura aurkeztu dituzte Eusko Legebiltzarrean, beren eskariak babesteko.
Telefono mugikorrak erabiltzeak dakartzan arazoek hezkuntza sistema osoari eragiten diotela kontuan izanda, adierazi dute konponbidea ezin dela eskola bakoitzaren esku utzi.
Altxa Burua taldeko kideen arabera, telefono mugikorrik gabeko eskola izendatu dituzten horietan ikasleen errendimendua hobetzea eta ziberjazarpena murriztea lortu dute, baita ikasleen arteko harremanak eta jarduera fisikoa sustatzea ere.
Hezkuntza Sailak dokumentu bat bidali du ikastetxeetara, mugikorraren erabilera arautzeko jarraibideak emateko. Altxa Burua taldearen irtziz ez da nahikoa, eta eskatu du telefono mugikorrak ikastetxeetan erabiltzea dekretu bidez debeka dezan.