Gizartea -
Indarkeria matxista
Arartekoak Pasaiako hilketa matxista "zorrotz berrikustea" eskatu du
Ohar batean, Manu Lezertuak zuzentzen duen bulegoak jakin nahi du "zergatik, Leonorrek salaketak egin arren, ezin izan duten emakume hori babestu eta ezin izan duten galarazi orain urte batzuk salatu zuen erasotzaileak azkenean bera hiltzea".
EITB Media
Arartekoak "samin eta atsekabe handiz" gaitzetsi du Pasaian (Gipuzkoa) gizon matxista batek Leonor izeneko bikotekide ohia hil izana, eta gaitzespenaz gain, kasua bera eta horren inguruabarrak "zorrotz berrikustea" eskatu du, ulertzeko zergatik, biktimak erasotzailea salatu arren, "ezin izan duten emakumea babestu" eta salatutako erasotzaileak bera hil izana saihestu.
Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak atzo baieztatu zuenez, biktimak 2020an aurkeztu zuen gizonaren kontrako salaketa, baina auzia bi urte geroago artxibatu zuten. Emakumeak Bekoz Beko Pasaiako elkarte feministan ere laguntza eskatu zuen. Hain justu, elkarteak uste du "sistema berandu" iritsi zela, eta "gizarte gisa huts" egin dugula.
Ohar batean nabarmendu duenez, Euskadiko Herriaren Defendatzaileak bat egin du Leonorren alaben, senideen eta lagunen saminarekin. Arartekoaren aburuz, gertukoek erakundeen "laguntza guztia" jaso beharko dute orain, batez ere krimen horrek euren bizitzetan sortutako kaltea ahal den neurrian konpontzeko.
Erakundeak salatu du matxismo hiltzaileak eragin guztiz kaltegarria izaten jarraitzen duela emakumeen bizitzetan, eta euskal gizarte osoari eta erakundeei eskatu die irmoki konprometitu daitezela "egiturazko gaitz horren kontra eta ideologia eta balio matxisten kontra borrokatzen, hiltzen duen indarkeriaren azken kausa baita".
Arartekoak berak ere bide horretan jarraituko du, "sendo eta modu nekaezinean", matxismoaren adierazpide guztiak salatzen eta emakumeen eta umeen giza eskubideak babesteko duen konpromisoa egunero berritzen, emakumeen eta gizonen berdintasunaren alde.