Gizartea -

polizia operazioa

Bi gizon bizkaitar ikerketapean, helburu pornografikoengatik adingabeak galbidean jartzea egotzita

29 urteko gizaseme bat atxilotu dute Madrilen eta 13 gizon ikertzen ari dira. Atxilo hartutakoak 12 urteko neskato bat engainatu zuen argazki intimo bat bidal ziezaion, eta, ondoren, "sextortsioa" egin zioten.

Agentziak | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Bizkaiko bi gizon ikertzen ari dira helburu pornografikoengatik adingabeak galbidean jartzea egotzita, Guardia Zibila ohar batean jakinarazi duenez. Polizia operazio horretan 29 urteko gizonezko bat atxilotu dute Madrilen eta 13 gizon ikerketapean jarri dituzte Espainiako hainbat probintziatan. 

Atxilo hartutakoari mehatxu eta estortsio delituak ere leporatu dizkiote. Izan ere, 12 urteko neskato bat engainatu zuen argazki intimoak bidal ziezazkion, ondoren, "sexualagoak ziren argazki eta bideoak bidali ezean, irudia argitaratuko zituela mehatxu eginda" ("sextortsioa" delakoa). 

Ikertutako gizonek Turkiako berehalako mezularitza aplikazio bat erabili zuten neskatoari mehatxu egiteko, eta horietako batzuek biktimarekin izaera sexualeko bideodeiak egitea lortu zuten, mehatxupean beti ere. 

Ikerketa Albaceteko probintziako udalerri bateko bizilagun batek jarritako salaketa batetik tiraka abiatu zuen Guardia Zibilak. 12 urteko alabaren sakelakoan eduki pornografikoko irudiak topatu zituzten, berehalako mezularitza aplikazio batetik ateratakoak. 

Ikerlariek adingabearen sakelakoa aztertu ostean baieztatu zutenez, neskatoak aplikazio horretan izena eman zuen profilean bere eta lagun baten argazkia jarrita. Irudia aplikazioko 56 erabiltzaileren artean zabaldu zen, eta horietako batzuek "sextortsio" delakoa egin zioten adingabeari. 

Ikerketan zehar egiaztatu dute horietako batzuek izaera sexualeko bideodeiak egitera behartu zutela adingabea. 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Indarkeria matxista Bizkaia Delituak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Matxismoa Umeak