Gizartea -
TITULAR NAGUSIAK
Albiste izango dira: Pasaiako hilketa matxista, bidaiarien erregistro berria eta EITB Maratoiaren aurkezpena
Gaurkoan albiste izango direnen laburpena, bi hitzetan.
EITB MEDIA
Honako gai hauek hartuko dituzte gaur, 2024ko abenduaren 2an, hedabideetako lerroburu nagusiak:
- Pasaiako hilketa matxista: Ertzaintzaren esku jarraitzen du larunbatean Pasaian Leonor bikotekide ohia hiltzeagatik atxilotu zuten gizonak. Beharrezko izapideak amaitu ostean, epailearen aurrera eramango dute hurrengo orduetan, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakinarazi duenez. Gipuzkoako Foru Aldundiak deituta, elkarretaratzea egingo dute eguerdian, Foru Jauregiaren aurrean.
- Bidaiarien erregistro berria, indarrean: Gaur sartuko da indarrean 933/2021 Errege Dekretua, ostatatzean edota motordun ibilgailuen alokairuan diharduten pertsona fisiko zein juridikoen informazioa eta dokumentu erregistroa arautzeko asmoz. Neurri berri horren harira, zalaparta sortu da ostatatze eta bidaia sektoretan, salatu baitute zama burokratiko handia, lehiakortasunaren galera eta bidaiarien pribatutasunaren urraketa dakartzala neurri horrek.
- EITB Maratoiaren aurkezpena: EITB Maratoia gala solidarioaren aurkezpen ekitaldia egingo dute EITBren egoitzan. Aurten, abenduaren 12an egingo da eta bildutako dirua gaixotasun kardiobaskularrak ikertzeko bideratuko da. Gaurko aurkezpen ekitaldian parte hartuko dute Isabel Octavio EITBko Estrategia eta Komunikazio zuzendariak, Javier Recondo Bilbo-Basurtu ESIko kardiologoak eta gaixotasun kardiobaskularren gainean lan egiten duten erakundeen ordezkariak.