Gizartea -

INDARKERIA MATXISTA

Pasaian bikotekide ohia hiltzeagatik atxilotutako gizonak Ertzaintzaren esku jarraitzen du

Hilketa gertatu eta denbora gutxira atxilotu zuten gizona, bere burua Villabonako Udaltzaingoaren komisarian entregatu zuen eta. Elkarretaratzea egin dute Pasaian, gertatutakoa gaitzesteko. Astelehen honetan ere protesta bat izango da Foru Aldundiaren atarian.

Hilketa izan zen tokia zaintzen aritu ziren Ertzainak arratsalde osoa. Argazkia: EFE
Hilketa izan zen tokia zaintzen aritu ziren Ertzainak arratsalde osoa. Argazkia: EFE
Hilketa izan zen tokia zaintzen aritu ziren Ertzainak arratsalde osoa. Argazkia: EFE

EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ertzaintzaren esku jarraitzen du atzo Pasaian bikotekide ohia hiltzeagatik atxilotu zuten gizonak. Beharrezko izapideak amaitu ostean, epailearen aurrera eramango dute.

Larunbat arratsaldean, 16:00 aldera, gertatu zen hilketa matxista Pasaiako Eskalantegi kaleko etxebizitza batean. 53 urteko gizonak 45 urteko emakumea hil zuen, tiroz.

Hilketa burutu ondoren, ihes egin zuen ibilgailu gorri batean eta handik gutxira, 16:30 aldera, Villabonako Udaltzaingoaren egoitzan aurkeztu zen. Bere burua entregatu zuenerako, Ertzaintzak bazuen gertaeraren berri eta atxilotu egin zuten.

Ikerketarekin jarraitzen du Polizia autonomikoak.

Emakumeak ustezko hiltzailearen kontrako salaketa jarria zuen indarkeria matxistagatik

Gaur jakin denez, Ana Leonor izeneko emakumeak salaketa jarri zuen bere garaian gizonaren kontra, genero indarkeriagatik. 

Segurtasun Sailak zehaztu duenez, "aspaldikoa" zen salaketa. Zehazki, duela lau urte jarri zuen salaketa, 2020an, eta 2022an artxibatu egin zen kasua.

Bekoz Beko herriko elkarte feministan ere laguntza eskatu zuen. Herrira iritsi zenean harrera egin zion elkarteko kideek hitz egin dute eguerdian Pasaian izan den elkarretaratzean eta "sistema berandu iritsi" dela deitoratu dute, "gizarte gisa huts egin dugu", hausnartu dute.

Azken hilketa matxista gaitzesteko elkarretaratzea egin dute Pasaian
Azken hilketa matxista gaitzesteko elkarretaratzea egin dute Pasaian
Azken hilketa matxista gaitzesteko elkarretaratzea egin dute Pasaian

0:42

Elkarretaratzea Pasaian

Ehunka herritarrek bat egin dute gaur eguerdian Biteri plazan, Mugimendu Feministak deituta eta Udalaren babesarekin egin den elkarretaratzean. Elkarrekin izan dira erakundeen ordezkariak, mugimendu feministako kideak eta 300 bat herritar, saminak bat eginda. Urteak ziren biktima Pasaian bizi zela.

Elkarretaratzean herrira iritsi zenean harrera egin zion elkarteko kideek hitz egin dute eta deitoratu dutenez, "sistema berandu iritsi" da "gizarte gisa huts egin dugu". Pasaiako Bilgune Feministako kideek elkartasuna adierazi diote emakumearen "familiari, lagunei eta maite zutenei". 

Erakundeen ordezkari gisa, Pasaian izan dira Miren Elgarresta Emakundeko zuzendaria eta Eider Mendoza Gipuzkoako ahaldun nagusia. 

Elgarrestak gogor gaitzetsi du hilketa eta gogorarazi du ez direla bi aste ere pasa azkenekoz Pasaian bertan beste elkarretatze bat egin zela "eraso matxista larri batengatik". Orduan ez zuten emakumerik erail. Gaur Ana Leonor izan da, duela bi hilabete Yanelli izan zen, iaz Lurdes eta Maialen. Gaur ozen esan den bezala, "ez bat gehiago, ezta bat gutxiago ere".

Gaineratu duenez, indarkeria kasuen hamarretik zazpi indarkeria matxistakoak dira eta, Elgarrestak azpimarratu duenez, "garbi dago erakundeok lanean jarraitu beharko dugula, gure eginkizuna izango da indarkeria matxistarik gabeko gizarte bat eraikitzea". 

Ildo beretik, Mendozak "sumindura eta gaitzespen irmoena" adierazi du Foru Aldundiaren izenean. "Gertaera honek erreakzio kolektiboa eskatzen du, eta militzantzia gutako bakoitzaren eskutik, berdintasunaren alde. Izan ere desberdinkeria oso errotua dago gure gizartean eta horren adierazle izan da hilketa matxista hau". Gaineratu duenez, "lan asko dago egiteko" eta ziurtatu du zeregin horretan jarraituko duela Aldundiak. 

Hala, Emakumeen kontrako Indarkeriaren aurrean Erantzun Publikoa emateko Gipuzkoako protokoloari jarraituz, bihar 11:45ean ezohiko batzarra egingo du diputatuen kontseiluak eta, ondoren, elkarretaratzea egingo da Foru Aldundiaren atarian Pasaiako hilketa salatzeko.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Ertzaintza Indarkeria matxista Gipuzkoa Euskal Autonomia Erkidegoa Gizartea Eguneko albisteak Pasaia Albisteak Matxismoa Feminismoa Erailketak