Gizartea -
Indarkeria Matxista
Gizon batek bikotekide ohia hil du Pasaian, eta bere burua entregatu du gero
Suzko armaz hil du, alabetako baten aurrean. Ihes egin du gero eta Villabonan entregatu du bere burua. Pasaiako Udal Batzordea arratsaldeko 20:30ean bildu da eta oharra kaleratuko du ondoren
EITB Media
53 urteko gizon bat atxilotu dute larunbat arratsalde honetan 45 urteko bere bikotekide ohia hil duelakoan, Pasaian. Emakumea alabaren aurrean hil du gizonak eta zabaldu den informazioaren arabera, alaba balkoira atera da laguntza eske.
Segurtasun Sailak jakinarazi duenez, arratsaldeko 16:00etan Pasaiko Eskalantegi kaleko etxebizitza batean izan da hilketa. Gizonak suzko armaz hil du emakumea eta ihes egin du gero auto gorri batean.
16:30 inguruan Villabonako Udaltzaingoan entregatu du bere burua eta atxilotu egin dute. Ertzaintzak bazuen gertaeraren berri ustezko hiltzaileak bere burua entregatu duenerako.
Ikerketaz arduratzen ari den Ertzaintzaren patruilak eta Pasaiako Udaltzaingoa bertan daude etxebizitza, ataria eta inguruak zaintzen, gertatutako guztia argitzeko ikerketak egiten diren bitartean.
18:00ak aldera iritsi da auzitegi-medikua, eta, beraz, hildako emakumearen gorpuak oraindik ere etxe barruan jarraitzen du.
Pasaiako Udal Batzordea bilduta dago arratsaldeko 20:30etatik eta oharra kaleratuko du ondoren.
Bien bitartean, Pasaiako Mugimendu Feministak elkarretaratzea deitu du biharko 12:00etan, Biteri plazan.
Gaitzespen irmoa
Albistearen berri izan eta gutxira, sare sozialetan ziztu bizian zabaldu dira hilketa matxista berri honen kontrako mezuak.
Nerea Melgosa Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak "gaitzespenik irmoena" agertu du Pasaiako hilketaren aurrean eta biktimaren ingurukoei elkartasuna adierazteaz gain, Jarularitzak "edozein indarkeri motaren eta, bereziki, indarkeria matxistaen kontra" duen jarrera azpimarratu du.
Emakundek ere gaitzespena agertu du sare sozialetan:
Gipuzkoako Foru Aldundiko buru Eider Mendoza ere atsekabetuta agertu da eta gaitzespen irmoa adierazi du X sarean argitaratutako mezuan.
Pello Otxandiano EH Bilduren Legebiltzarreko bozeramaileak ere bere gaitzespena agertu du X sarean: "Gogor salatzen dugu Pasaian jazotako erailketa matxista eta euskal gizarteari honen aurka irmo azaltzeko deia egiten diogu. Elkartasuna eta babesa pasaitarrei eta biktimaren senide eta lagunei" adierazi du, eta deitzen diren mobilizazioetan EH Bilduk parte hartuko duela iragarri du "Indarkeriak patriarkalak parean izango du euskal gizartea".
"Ez dugu genero indarkeriaren eta berori existitzen dela ukatzen duten gezurtien kontrako borroka geldituko. Eraildako emakume bakoitza drama jasanezin bat da, aske bizi nahi duen gizarte honentzat. Mina hain gertukoa denean, amorrua are handiagoa da", esan du X sare sozialean Espainiako Gobernuak Euskadin duen ordezkari Marisol Garmendiak.
PSE-EEko idazkari nagusi Eneko Anduezak ere irmoki gaitzetsi du Pasaian gertatutako hilketa. "Gizartearentzat onartezina den gaitz horren aurka borrokan jarraituko dugu", adierazi du.
Euskadiko PPk ere gogor kritikatu du jazotakoa. "Ez da bat gehiago. Biktima bakoitza bakarra da, eta gure gaitzespen irmoena merezi du", nabarmendu du.