Gizartea -
ARABA
Ertzaintzaren esku jarraitzen du Gasteizko zahar-etxe batean emakume bat hiltzea egotzita atxilotutako gizonak
Ikerketako iturrien arabera, 68 urteko gizona zahar-egoitza bereko erabiltzailea da, eta 25 urteko kartzela-zigorra ezarri zioten duela 27 urte, aita hiltzeagatik.
EITB MEDIA
Gasteizko zahar-etxe batean 94 urteko emakume egoiliar bat hil duelakoan atxilotutako 68 urteko gizonak Ertzaintzaren esku jarraitzen du, epailearen aurrera noiz eramango zain. Bien bitartean, Ertzaintzak gertaturikoa ikertzen jarraitzen du.
Ikerketako iturrien arabera, —gizona Gasteizko IMQ Igurco Araba egoitzako erabiltzailea da biktima den bezala— ustezko hiltzaileari 25 urteko kartzela-zigorra ezarri zioten duela 27 urte, aita hiltzeagatik. Iturri horiexen arabera, atxilotuak nahasmendu psikiatrikoak ditu.
Hilketa atzo goizaldean gertatu zen aipaturiko Arabako hiriburuko zahar-etxean. 04:00ak aldera, Gasteizko IMQ Igurco Araba egoitzatik Ertzaintzari deitu zioten; erabiltzaile batek beste egoiliar bati eraso egin ziolako eta zauri larriak eragin zizkiolako.
Bertaratutako patruilek egiaztatu ahal izan zutenez, biktimak (emakume bat) zauriak zituen aurpegian, odola zeriela, eta, antza denez, objektu zorrotz batekin eragindakoak, arkatz batekin, esaterako.
Anbulantzia bateko osasun langileek emakumea artatu zuten, eta Txagorritxuko ospitalera eraman zuten, baina bertan hil zen.
Gertaturikoaren berri izan orduko, agenteek erasotzailea bilatzeari ekin zioten. Azkenik, egoitzako aldagela batean aurkitu zuten, ezkutatuta, eta atxilotu egin zuten, hilketa delitua leporatuta.
Ertzaintzak ikerketa abiatu du adinekoen zentroan gertatutakoa argitzeko, eta, hasiera batean, hilketa bat izan dela dirudi.
IMQ-Igurco egoitzak azaldu du ez dela aurretik inolako gertakaririk izan emakumearen eta ustezko hiltzailearen artean, eta adierazi du ikerketa polizial eta judizialetan ahal beste laguntza ematen ari dela, gertatutakoa argitzeko.
Ohar baten bidez, zentroak deitoratu egin du gertatutakoa, eta "atsekabe eta tristura handia" agertu du.
Hildako egoiliarraren familiari doluminak eta erabateko babesa helarazi dizkio, eta gainerako egoiliarrei jakinarazpen bat bidali die, zentroko arduradunak haien esanetara daudela jakinarazteko.
Egoitzak "normaltasun osoz" funtzionatzen du, eta senideen, egoiliarren eta langileen eskura jarri du laguntza emozionalerako zerbitzu bat, profesional espezializatuekin.