Gizartea -

Goialdeko borraska

Hilabete, Valentziako tragediatik: milaka langile erregulazioan eta hainbat ikasle eskolara itzuli ezinik

Kaltetutako azpiegiturak konpondu eta berreraikitzeko 2.600 milioi euro baino gehiago beharko dira. Gainera, Valentziako Nekazarien Elkarteak 1.379,4 milioira igo ditu nekazaritzan izandako galerak.

120.000 ibilgailu baino gehiago txikitu ziren; horietako batzuk Picassenten daude. Argazkia: EFE
120.000 ibilgailu baino gehiago txikitu ziren; horietako batzuk Picassenten daude. Argazkia: EFE
Hilabete bete da GOIDI batek Valentziako hainbat herri suntsitu zituenetik

0:41

EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gaur hilabete bete da goi-geruzetako depresio isolatu batek Valentziaren zati bat suntsitu eta gutxienez 222 hildako utzi zituenetik. Uholdeak kaltetutako 18 ikastetxetako 9.750 ikaslek eskolara itzuli ezinik jarraitzen dute tragedia gertatu eta hilabetera, Jose Antonio Rovira Valentziako Hezkuntza kontseilariak emandako datuen arabera.

97 zentrotako 38.186 ikaslek, aldiz, joan den azaroaren 11tik eskolei berriro heldu ahal izan diete, kaltetutako ikasle guztien % 80k, gutxi gorabehera.

Gainera, aldi baterako lan erregulazioko espedienteek (ERTE) 27.765 langile eta 2.539 enpresa babesten dituzte dagoeneko.

Bestalde, kaltetutako azpiegiturak konpontzeko eta berreraikitzeko 2.600 milioi euro baino gehiago beharko direla aurreikusi du Ingurumen, Azpiegitura eta Lurralde Kontseilaritzak. Kopuru horri Garraio eta Mugikortasun Jasangarriaren Ministerioak orain arte bideratutako zenbatekoa gehitu behar zaio: 123 milioi euro Valentzian mugikortasuna berreskuratzeko eta 185 milioi euro aldirietako eta abiadura handiko sarea konpontzeko.

Era berean, Valentziako Nekazarien Elkarteak (AVA-Asaja) 1.379,4 milioi eurora igo ditu lurraldeko nekazaritzan goialdeko depresioaren ondorioengatik izandako galerak.Erakundeak ohar baten bidez jakinarazi duenez, nekazariak ustiategietara joan ahala, Valentziako Erkidegoko nekazaritza-sektorea baldintza hobeetan dago uholdearen inpaktu suntsitzailea neurtzeko.

Euriteen, uholdeen, harri-jasen eta tornadoen segidak kalte "ikaragarriak" eragin zituen 50.184 hektareatan, Valentziako 12 eskualdetan (40.223) eta Castelloko hiru eskualdetan (9.961). Valentziako probintzian "gehien kaltetutako" eskualdeak Ribera Alta (15.588), Utiel-Requena (6.012), l'Horta Sud (5.394) eta Ribera Baja (5.128) dira. Castelloko probintzian, Baix Maestrat (7.364), Plan Alta (1.991) eta Alt Maestrat (605) eskualdeak dira kaltetuenak.

AVA-Asajaren azterketa eguneratuaren arabera, nekazaritza eta abeltzaintza azpiegituretan kalteak 729 milioikoak izan dira. Horien artea, ureztatzeko baliabideetan izandako kalteak nabarmentzen dira (300 milioi euro).

Behargin bat Paiportako zubietako batean, lanean. Argazkia: EFE

Behargin bat Paiportako zubietako batean, lanean. Argazkia: EFE

Goialdeko borraskak ere eragin handia izan du kirolean. 222 hildako eta kalte material izugarriek txapelketak geldiarazi zituzten, indar eta arreta guztia laguntzan jartzeko. Ondoren, lehiaketara itzultzean, omenaldiak izan dira nagusi, baina gehien kaltetutako herrietan kirol instalazioak eta harrobiko kirola erabat suntsituta daude.

Dozenaka instalazio, kiroldegietatik futbol zelaietara, suntsituta geratu dira, eta beste batzuk hondakinen edo auto txikituen zabortegi gisa erabiltzen dira orain. Milaka kirolari, gazteenetatik erdi profesionaletara, entrenatzeko tokirik eta materialik gabe geratu dira. Oraingoz behintzat, ez dago aurreikusita noiz berreraiki ahal izango diren.

Dirulaguntzak

Espainiako Gobernuak goialdeko borraskaren ondorioei aurre egiteko neurrien hirugarren errege-dekretua onartu zuen atzo. Errege-dekretu horrek 2.274 milioi euroko inbertsioa aurreikusten du, eta itzuli beharrik gabeko 10.000 eurorainoko zuzeneko dirulaguntzak barne hartzen ditu ibilgailuak erosteko eta suntsitutako eremuetako ekoizpen-sarea berreraikitzeko.

Hala ere, Carlos Mazon Generalitateko presidenteak esan zuen Generalitateak kaltetuentzako laguntzak mobilizatzeko egin duen ahalegina Espainiako Gobernuaren "bikoitza" baino gehiago izan dela, administrazio bakoitzaren aurrekontuaren arabera.

Gainera, Valentziako presidenteak "tragedia bat gudu eremu politiko" bihurtu izana leporatu zien sozialistei, eta Espainiako Gobernuaren laguntzen zati bat "interesekin itzuli beharreko kredituak" direla salatu zuen.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Espainia Gizartea Eguneko albisteak Hondamendi naturalak Albisteak Valentziako Erkidegoa Hondamendi naturalen biktimak Goialdeko depresioa