Gizartea -

Epaiketa

Tolosan Ertzaintzaren pilotakadaz begi bateko ikusmena galdu duen gaztearen auzia artxibatu du epaileak

Epaileak ebatzi du Ertzaintza "legaren arabera eta era proportzionalean" aritu zela. Epaileak ez du beharrezko ikusten Xuhar Pazosen deklarazioa. Xuhar Herri Plataformak helegitea iragarri du.

Ertzaintza Tolosan. Irudia: Kontseilu Sozialista Tolosaldea
Ertzaintza Tolosan. Irudia: Kontseilu Sozialista Tolosaldea
Ertzaintza Tolosan. Irudia: Kontseilu Sozialista Tolosaldea

Olatz Prat | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Tolosako Lehen Auzialdiko eta Instrukzioko 3. Zenbakiko epaitegiak artxibatu egin du, behin behinean, iazko Tolosako inauterietan Ertzaintzaren pilotakada batek begian jo eta ikusmena galdu duen Xuhar Pazosen auzia. Ertzainen deklarazioa entzun ostean hartu du erabakia epaileak, haren hitzetan Ertzaintzak "araudi aplikagarriaren arabera" eta "kasuaren inguruabarrekiko modu proportzionalean" jokatu zuelako.

Asteazken honetan epaitegian deklaratu dute otsailaren 12an karga poliziala agindu zuen Ertzain buruak eta Pazos jo zuen pilota jaurti zuen ertzainak. Epaileari emandako azalpenen arabera, egun hartan "jendetza batek eraso" zien eta "beraien segurtasuna  eta hirugarrenena babesteko" kargatu zuten. Era berean, bi poliziek nabarmendu dute karga "proportzionala" izan zela. Ertzainek uko egin diote akusazioaren galderei erantzuteari.

Ebazpenean ageri denez, Xuhar Pazosen deklarazioa ez du beharrezko ikusten epaileak "autoetan agertzen diren irudietan eta ikertutako ertzainen jokabidean delitu zantzurik ikusten ez den heinean".  Horrez gainera, epaileak dio gaztearen "hobebearrez" hartu duela erabakia, "auzitegian deklaratu beharrik izan ez dezan, bere osatzea oztopatu zezakeelako horrek"; gainera, hala dio, "ez da espero, ebazpen honean zehaztu eta errepikatu den bezala, erabateko xehetasunez aztertu diren ekintzen gaineko argirik emango duenik". 

Xuhar Herri Plataformak dagoeneko adierazi du helegitea aurkeztuko duela ebazpenaren kontra. Izan ere, azpimarratu dutenez "epaileari nahikoa izan zaio azaroaren 27an Ertzaintzak egindako deklarazioa kasua artxibatzeko". 

Ziurtatu dutenez, akusazioak argazki eta bideoak helarazi dizkio Ertzaintzari ikerketan zehar, "non argi ikusten den Xuhar tirokatua izan zela, eta Ertzaintzako agenteek ez zutela inondik inora 16 urteko gaztea artatu, hasiera batean Josu Erkorekak esandakoaren kontra".

Egun hartan, 2023ko otsailaren 11tik 12rako gauean, Ertzaintza Tolosako Soldadu kalean sartu zen, taberna batean sortutako borroka baten harira izandako istiluetan esku hartzeko. Ertzaintzak jaurtitako foam pilota batek begian jo zuen Pazos, eta ospitalera eraman behar izan zuten.

Iaz, martxoaren 5ean, orduan  Segurtasun Sailburu zen Josu Erkorekak prentsaurrean adierazi zuen Pazos istiluetan parte hartzen ari zela. Biktimak ukatu egin zuen, lehen momentutik, liskarrekin zerikusirik izan zuenik. Pilotakada jaso eta biharamunean, Pazosen izebak Euskadi Irratiari azaldu zionez, "adingabeak ez zuen borrokan parte hartu", eta bere lagun taldearekin zegoela, kargak bete-betean harrapatu zuen Beotibar kalean. "Txaranga zegoela uste zuten, eta horregatik joan ziren hara. Ertzaintzaren lehen karga entzun zuten orduan, eta korrika alde egin zuten. Bigarrenean zauritu zuten", azaldu zuen hark. 

"Tiroaren ondorioz, Xuharri begian kalte atzeraezinak eragin zizkion Ertzaintzak, lente kristalinoa apurtuz, besteak beste". Azaldu dutenez, gazteak "ez du eskuineko begitik ezer argirik ikusten, ez da gai bizitza normala egiteko eta ez da gai aurrean nor duen ere antzemateko", zehaztu dute Xuhar Herri Plataformako kideek. 

"Errekuperazio prozesua azaroaren 15a arte luzatu da, eta alta jaso badu ere, erreabilitazioek eta ebakuntzek ez dute balio izan Xuharri otsailaren 12 eskuineko begian galduarazi zioten ikusmena berreskuratzeko", azaldu dute plataformatik, argi dutelako, "Xuharrek ez du begia galdu, begia galduarazi dio Ertzaintzak".

Helegiteen epea zabalik da.  

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Ertzaintza Tolosa Epaiketak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak