Gizartea -

EUSKARAREN EGUNA

Hizkuntza harrera, euskarara aliatu berriak erakartzeko bide

Hizkuntza harrera egoki batek euskarara herritar gehiago batzeko bidea zabal dezake. Hor dute begirada jarrita erakundeek zein euskalgintzako herri mugimenduek. Errealitate soziodemografiko berria hizkuntzara aliatuak batzeko aukera gisa ikusten dute.

Penagos, elkarrizketaren une batean. EITB Media
Penagos, elkarrizketaren une batean.
Euskarara iristeko eta euskaraz jabetzeko bideak

2:16

IDOIA ALBERDI ETXANIZ | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Euskaraz eta euskararen alde egiteko eguna izendatu zen abenduaren 3a gaur 75 urte: euskaraz aritzen zen komunitate bat bazegoela munduari esateko, euskaldun gisa norbere burua berresteko eta euskararen biziberritzearen alde lan egiteko eskatzeko. Ordutik, hizkuntzak ibilbide emankorra egin badu ere, aldarria bere horretan ekarri daiteke 2024 honetara.

Gora egin dute ezagutzak zein erabilerak. Arnasestuka, baina esparru berriak eta askotarikoak irabaziz iritsi da euskara dagoen lekura. Atzera begira jarrita, hobeto dago hizkuntza, baina atzeraldiaren mehatxuak geroz indar handiagoa du. Lan-zorua asko aldatu da, eta globalizazioak, digitalizazioak eta errealitate soziodemografiko berriek dakartzaten egoera berrietara moldatzea da orain erronka.

Besteak beste, agertokiak eskatzen du euskararen lurraldera etengabe iristen ari diren herritarrei harrera linguistikoa ondo egitea, hizkuntza integraziorako aukera gisa har dezaten. Hala ikusi zuen Laura Penagos (Suesca, Kolonbia, 1983) aktore eta sortzaileak, orain 16 urte sorterritik Iruñerako bidea hartu zuenean. Euskararen soinuak "limurtuta" eman zuen izena euskaltegian, "hemengo gizarteko parte izateko aukera onena hori zelako". Gaur, kosta egiten zaio bere buruari migratzaile deitzea: "Kolonbian jaio nintzen, baina euskalduna ere banaiz".

Iritsi berritan, faltan bota zuen harrera linguistiko egoki bat. Bere kabuz hasi zuen bidea eta bere ekimenez hurbildu zen euskarara. Ibilian aurkitu ditu aterpeak, eta hala dabil oraindik, "egunero euskaraz aritzeko aukera bila". Bilbon du bizitokia egun, eta bere moduan kanpotik etortzen direnek halako eremu zabaletan hizkuntzara hurbiltzeko dituzten zailtasunak aitatu ditu. "Erreferente jakinik ez baduzu, iritsi berrientzat ez da erraza euskarara iristea".

Hizkuntzaren biziberritze planen jomugan herritar etorri berriak dauden honetan, eta "prozesuaren parte aktibo" izan nahi duela argi utzi ondoren, kezka ere agertu du Penagosek: "Zama eta ardura guztia ezin da etorri berrien esku utzi". Prozesu "soziala eta politikoa" gidatzea erakunde eta herri mugimenduen ardura dela uste du, eta horretan parte-hartzearen "ardura herritar guztiona".  Zenbaitetan, gaiaren inguruan "arrazakeria" zantzuak somatzen dituela ere adierazi du.

Euskarak zabaldu dizkion ateak eta eman dizkion aukerak nabarmenduz amaitu du aktore kolonbiarrak eitb.eus-ekin izandako solasaldia. "Ikasketa prozesu zoragarria ari da izaten euskaraz ikastea, opari eder bat. Munduari begiratzeko ate bat ireki dit".

Bada, aukera horiek ikusaraztean dago "gakoa", Idurre Eskisabel Euskalgintzaren Kontseiluaren idazkari nagusiaren arabera, eta horretan dabiltza aspaldion euskalgintza eta erakundeak: harrera planen ardatzean euskara ipini, eta euskal herritar berriak euskarara erakartzeko tresna egokiak aktibatu nahian.

Mugimendu soziodemografikoek parean jarritako erronka "euskarara aliatu berriak" erakartzeko bide izan behar duela dio Kontseiluaren arduradunak, "ez dadila arazo bihurtu". "Izan gaitezela harrera herri, eta euskara izan dadila harrera egiteko planen ardatza". Lehen urratsa, "etorri berriengana hurbiltzea eta entzutea", erantsi du.

Badira urte batzuk adituek hizkuntza bidegurutze batean kokatu zutela. Jauziaren beharraz eta larrialdi linguistikoaz ari dira orain. Horrek zer esan nahi du? Eskisabelek, erantzuna: "Hizkuntza larrialdian egoteak esan nahi du azken hamarkadetako goranzko joera motelaldian sartu dela, atzerako bidea hasteko arriskuan gaude. Hori baieztatzen duten datuak ditugu. Baina, larrialdiak ez du heriotza eta etsipena esan nahi. Diagnostikoaren ondoren, hizkuntza sendatzeko eta onbideratzeko tresnak behar direla esan nahi du".

Euskaren komunitateak "giharra eta atxikimendua" badituela sinetsita, 2025ean motelaldiaren noranzkoa aldatu eta indarraldira igarotzea espero du Euskalgintzaren Kontseiluak. "Garaiz gaude" esanez amaitu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Euskaraz Migrazioa Albisteak Euskaraldia Kontseilua Eguneko albisteak Euskararen eguna Gizartea