Gizartea -
ARABA
Gizon batek adineko emakume bat hil du Gasteizko zahar-etxe batean
Ertzaintzak atxilotu egin du ustezko egilea, adinekoen egoitza bereko erabiltzailea, eta ikerketa abiatu du, hilketaren nondik norakoak argitzeko. Gizon horri 25 urteko kartzela-zigorra ezarri zioten, aita hiltzeagatik.
EITB MEDIA
68 urteko gizon batek adineko emakume bat hil du gaur goizaldean adinekoen zentro batean, Gasteizen, eta atxilotu egin dute, hiltzailea delakoan, Segurtasun Sailak jakinarazi duenez. Gizona zahar-egoitza bereko erabiltzailea da eta 25 urteko kartzela-zigorra ezarri zioten, aita hiltzeagatik.
Iturri berdinen arabera, atxilotua Ertzaintzaren polizia-etxean dago epailearen aurretik igaro baino lehen, eta nahasmendu psikiatrikoak ditu.
04:00ak aldera, Gasteizko IMQ Igurco Araba egoitzatik Ertzaintzari deitu diote; erabiltzaile batek beste egoiliar bati eraso egin diolako eta zauri larriak eragin dizkiolako.
Bertaratu diren patruilek egiaztatu dutenez, biktimak (emakume bat) zauriak zituen aurpegian, odola zeriela, eta, antza denez, objektu zorrotz batekin eragindakoak, arkatz batekin, esaterako.
Anbulantzia bateko osasun langileek emakumea artatu dute, eta Txagorritxuko ospitalera eraman dute. Han, hil egin dela baieztatu dute.
Agenteek adinekoen zentroa miatu dute, eta bilaketa operatibo bat hasi dute hirian zehar, erasotzailea handik ihes egin ote zuen argitzeko. Azkenik, egoitzako aldagela batean aurkitu dute, ezkutatuta.
Ustezko hiltzailea atxilotu dute, hilketa delitua leporatuta.
Ertzaintzak ikerketa abiatu du adinekoen zentroan gertatutakoa argitzeko, eta, hasiera batean, hilketa bat izan dela dirudi.
Gorka Urtaran Arabako Foru Aldundiko Gizarte Politiketako diputatuak gertaera deitoratu du, elkartasuna adierazi dio familiari, eta "laguntza psikologikoa" eskaini die egoitzako erabiltzaile eta langileei, gertatutakoa "ahalik eta ondoen kudeatzeko".
Bingen Zupiria Segurtasun sailburuak ere doluminak helarazi dizkie emakumearen senide eta gertukoei.
Eusko Legebiltzarrean hedabideei egindako adierazpenetan, Zupiriak esan du "ikaragarria" dela pertsona batek "modu horretan bizitza galtzea".
"Urte askoan bizi izan den adineko pertsona bati buruz ari gara hitz egiten, eta bere bizitza bertan bizi zen pertsona baten erasoak zapuztu du", gaineratu du.