Gizartea -

Bizkaia

Umeen Gabonetako Parkeak abenduaren 14an irekiko ditu ateak

Jarduera originalak, atrakzio berriak eta laguntzaileak izango dira 33 atrakzioetatik 9tan, ilarak arintzeko. Ordutegi orokorra 11:00etatik 20:00etara izango da, abenduaren 24an eta 31n eta urtarrilaren 5ean izan ezik. Egun horietan 11:00etatik 17:00etara izango da zabalik.

Haurrak Umeen Gabonetako Parkeari begira. Argazkia: EITB Media.
Haurrak Umeen Gabonetako Parkeari begira
Haurrak Umeen Gabonetako Parkeari begira. Argazkia: EITB Media.

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Umeen Gabonetako Parkeak abenduaren 14tik urtarrilaren 5era irekiko ditu ateak, Barakaldoko (Bizkaia) Bilbao Exhibition Centren (BEC), eta, guztira, 33 atrakzio izango ditu; horietako bederatzitan, langile laguntzaileak egongo dira, ilarak arintzeko eta barraken aprobetxamendua maximizatzeko.

Urteroko hitzorduaren 58. edizioa da aurtengoa, eta "jarduera originalak, atrakzio berriak eta sorpresa ugari" izango ditu, antolatzaileek aurreratu dutenez.

"Balioekin dibertitzea" helburu hartuta, aurten ere, Umeen Gabonetako Parkearen erakunde laguntzaileek "familia osoa harrituko duten proposamen berritzaileak" ekarriko dituzte.

Jarduerak, jokoak eta txapelketak oinarrizko sei printzipiotan oinarrituta egingo dira: Elkartasuna, Gizabidea, Iraunkortasuna, Berdintasuna, Familia eta Bizimodu Osasungarria. Jarduera horien artean, lehen aldiz, pickleball gune bat egongo da.

1., 3. eta 5. pabiloiek proposamen horiek guztiak hartuko dituzte. 33 atrakzioz gain, "esperientzia atseginenetatik hasi eta ausartenentzako diseinatutako pendulua eta antzeko atrakzio zirraragarrietaraino" izango dira, antolatzaileek iragarri dutenez.

Gainera, ahalik eta jende gehienak erosotasunez goza dezan, instalazio ezagunenetako batzuek bi unitate izango dituzte: itsasontzi piratak, talka-autoek, kanguruak eta ninja dortokek. Halaber, aurtengo edizioan puzgarriek eremu zabalagoa izango dute.

Hitzorduan, Gabonetako klasikoak ez dira faltako: izotz pista, kart elektrikoak, zezen mekanikoak, ohe elastikoak eta lehiaketak eta ikuskizunak.

Era berean, aurreko edizioan lortu zuten balorazio positiboari erantzunez, jende gehien hartu ohi duten bederatzi atrakzioetan laguntzaileak izango dira aurten ere, parte-hartzaileen fluxua optimizatzeko.

Aurtengo berritasunetako bat Olentzero eta Mari Domingiren bisita izango da, abenduaren 14an eta 15ean.

Gainera, abenduaren 14an, 15ean eta 16an, parkeak berariazko neurriak izango ditu bertaratutakoen behar funtzionalei aurre egiteko. Alde batetik, argiak eta soinuak erregulatuko dituzte ingurune lasaiago bat sortzeko, eta, bestetik, Desgaitasuna Egiaztatzeko Txartela aurkeztuta, sarrera eta irteera libreko eskumuturreko bat eskuratu ahal izango da, sarbidea erosoagoa eta malguagoa izan dadin.

Ordutegi orokorra 11:00etatik 20:00etara izango da, abenduaren 24an eta 31n eta urtarrilaren 5ean izan ezik. Aipatutako egunetan parkea 11:00etatik 17:00etara izango da zabalik. Jaiegunetan (abenduaren 25ean eta urtarrilaren 1ean) itxita egongo da, eta abenduaren 16tik 19ra 10:00etatik 19:00etara egongo da zabalik.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bizkaia Bilbao Exhibition Centre Gabonak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Umeak