Gizartea -
ELKARRIZKETA EUSKADI IRRATIAN
Joxerramon Bengoetxea: "Aldaketa gogoa sumatu dugu lankide eta ikasleen artean eta hori ikusi egin da"
EHUko errektore hautatu berriak hauteskundeetan izandako parte-hartzea "tsunami" batekin alderatu du, eta boto emaileen artean antzeman duen "ilusioa" eta "gogoa" azpimarratu du.
O. A. | EITB Media
Euskal Herriko Unibertsitaterako (EHU) errektoretzarako hauteskundeak irabazi eta biharamunean, unibertsitateko estamentuetan dagoen "aldaketa gogoa" hauteslekuetan islatu dela adierazi du Joxerramon Bengoetxea EHUko errektore hautatuak.
Euskadi Irratiko Faktoria saioan egin dioten elkarrizketan, bere garaipenaren gakoetako bat hauteskundeetan izandako parte-hartzea handia izan dela nabarmendu du. Tsunami batekin alderatu du, eta giroan atzo antzeman zuen "ilusioa" eta "gogoa" nolabait boto-emaileen artean kutsatu zela uste du.
Hauteskundeetan lortutako garaipenaren atzean zer dagoen galdetuta, hainbat arrazoi aipatu ditu Bengoetxeak. Horren esanetan, bere hautagaitzak unibertsitatearen norabidearen inguruko eztabaida plazaratu izanak boto-emaileak mugiarazi ditu, baita bi hautagaien arteko lehia egoteak eta hedabideetan gaiak izan duen presentziak ere. Halaber, Eva Ferreiraren hautagaitzaren joko zikinak ere eragina izan duela uste du.
Lehia amaituta, Joxerramon Bengoetxeak eskua luzatu dio Eva Ferreiraren lantaldeari elkarlanean aritzeko. Errektore hautatu berriaren iritziz, "denok nahi dugu onena unibertsitatearentzat", nahiz eta batzuetan modu ezberdinean interpretatu biderik "egokiena eta onena" zein den. Hori dela eta, unibertsitateko kide guztiak aintzat hartuko dituztela azaldu du. "Ez dago gehiago balio duen pertsona edo kolektiborik, denok gara unibertsitatea", gaineratu du.
Euskararen egunarekin bat eginez, datorren abenduaren 3an izendatuko dute Joxerramon Bengoetxea EHUko errektore. Hala ere, aurrerago hartuko du kargua.