Gizartea -
Indarkeria matxista
Nafarroako Goi Mailako Musika Kontserbatorioko ikasleek bi irakasle salatu dituzte indarkeria matxistagatik
Hezkuntza Departamentuak espedienteak zabaldu dizkie biei. Ikasleek bilkura egin dute goizean pairatutako "jazarpen eta matxismo egoera onartezinak" salatzeko eta erasotzaileen kontrako neurri "eraginkorrak" galdegiteko. Kontserbatorioko zuzendaritza ere protestan izan da, babesa adierazteko.
EITB Media
Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Kontseilaritzak diziplinazko espedienteak zabaldu ditu Nafarroako Goi Mailako Musika Kontserbatorioko bi irakasleren kontra indarkeria matxista leporatuta. Zentroko emakumezko ikasleek salatuta hartu dituzte neurriok.
Ingurumari horretan, irakasleetako bat jardunetik kendu dute, behin-behinean, ikasleak sare sozialen bidez jazartzea egotzita. Gainera, gizon horren kontrako salaketa aurkeztua dago Espainiako Poliziaren aurrean, sexu delitua egotzita. Auzia martxoan salatu zuen biktimak, baina urrira arte ez dira kautelazko neurriak hartu. Ikasleen salatu dutenez, tarte horretan irakasleak eskolak, horietako batzuk banakakoak, eman dizkio biktimari, horrek dakarren egoerarekin.
Horrez gain, gutxienez sei ikaslek kexa formala aurkeztu dute Kontserbatorioko zuzendaritzaren aurrean beste irakasle baten kontra. Horren kasuan, ikasgelan iruzkin sexistak egitea egotzi diote. Gerora, 100 bat ikaslek babestu dute maisuaren kontrako idatzia. Langilea bajan dago auzia lehertu zenetik.
Hirugarren irakasle bat ere salatu dute ikasleek, baina zentroko zuzendaritzak ez omen zuen horren berri gaur arte. Antza, duela urte asko, bere zereginetatik kendu zuten irakasle hori, indarkeria matxista tarteko. Dena dela, gaur-gaurkoz eskolak ematen ditu, eta iruzkin matxistak egiten jarraitzen omen du, salatu dutenez.
Elkarreratzea egoera salatzeko
Gaur, hiru irakasle "erasotzaileen" izen-abizenekin kartelak jarri dituzte zentroaren fatxadan, eta emakumearen ikur more handi bat paratu dute atarian, biktimei babesa adierazteko.
10:00etan elkarretaratzea egin dute dozenaka ikaslek kontserbatorioaren atarian. Salatu dutenez, "denbora asko" daramate "jazarpen eta matxismo egoera onartezinak" jasaten. Euren hitzetan, "hainbat irakaslek onartezinak diren jarrerak izan dituzte eta dituzte emakumezko ikasleekin: mesprezuzko iruzkin, iruzkin sexualak, gure gaitasunak zalantzan jartzea emakume izateagatik edota zentrotik kanpo egindako jazarpena".
Ikasleriaren hainbat bozeramailek oharra irakurri dute. Nabarmendu dutenez, "urte luzetan ahoz aho zebilen sekretua publiko" egin nahi izan dute "aldaketa eragiteko eta isiltasunean sufritu duten horiei ahotsa emateko".
Kontserbatorioaren zuzendaritzari hartutako neurriak eskertu dizkiote, baina azpimarratu dute neurriok "eraginkorrak" izan behar direla, "erdibidean geratu barik". Hala, agintariei "protokolo eraginkorrak" galdegin dizkiete, prozedura "arin eta gardenak" izango dituztenak. "Fokua erasotzaileengan eta horiek babesten dituzten egituratan jarri behar da, biktima defendatzeko eta egoera errepikatzea saihesteko", erantsi dute. Euren arabera, "helburua da beste emakume batek halakorik ez pairatzea berriro (...) Ez da onargarria erasotzailea tarte batez kanporatzea eta gero berriro bueltatzea".
Kontserbatorioaren zuzendaritza: "Ez ditugu kasuak ezkutatu"
Arantza Lorenzo de Reizabal zentroko zuzendaria eta zuzendaritza taldeko kideak ere elkarretaratzean izan dira ikasleei babesa adierazteko.
Kazetariei egindako adierazpenetan zuzendariak azaldu duenez, martxoan jabetu ziren karguaz, eta ordutik "arduratsuak" izan dira eta kasuen aurrean neurriak hartu dituzte. "Ez ditugu alfonbrapean ezkutatu, ez direlako onargarriak", aldarrikatu du. Horrez gain, jakinarazi du halako kasuei aurre egiteko protokoloak berritu dituztela.