Gizartea -

TITULAR NAGUSIAK

Albiste izango dira: A25, Sanchezen adierazpen instituzionala eta Arabako eta Bizkaiko anbulantziak

Gaurkoan albiste izango direnen laburpena, bi hitzetan.

Nafarroako Gobernuaren A25eko kanpaina. Artxiboko argazkia: Nafarroako Gobernua
Nafarroako Gobernuaren A25eko kanpaina
Nafarroako Gobernuaren A25eko kanpaina. Artxiboko argazkia: Nafarroako Gobernua

EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Honako gai hauek hartuko dituzte gaur, 2024ko azaroaren 25ean, hedabideetako lerroburu nagusiak:

- A25: Emakumeen aurkako Indarkeria desagerrarazteko Nazioarteko Eguna izaki, aldarrikapenak eta mobilizazioak izango dira nonahi, jarrera matxistak salatu eta emakumeen eta nesken kontrako eraso oro gaitzesteko. Erakunde publikoek, mugimendu feministek eta eragile sozial eta sindikalek mobilizazio ugari deitu dituzte Euskal Herrian barrena. Eusko Jaurlaritzaren aurtengo kanpainak indarkeria matxistaren ukatzaileengan jarri du jomuga,  "Indarkeria matxista ukatzea haren alde egitea da. Batu gaitezen geldiarazteko" lelopean. Ildo beretik, Nafarroako Gobernuak diskurtso antifeministen kontrako borrokan zentratu du aurtengo kanpaina. 

- Sanchezen adierazpen instituzionala: Pedro Sanchez Espainiako gobernuburuak adierazpen instituzionala egingo du, 09:00etatik aurrera, Moncloa jauregian. Itxura guztien arabera, Sanchezek iragarriko du Sara Aagesen egungo Energia estatu idazkaria izango dela Trantsizio Ekologikorako ministro eta hirugarren presidenteordea, Teresa Riberaren ordez. Izan ere, Ribera izango da Europako Batzordeko presidenteordea ez ezik, Lehiakortasun eta Trantsizio Berderako komisarioa, eta abenduaren 1ean hartuko du kargua.

- Arabako eta Bizkaiko anbulantziak: La Pau konpainiak Araban eta Bizkaian osasun garraio-zerbitzua emateari utzi dio, atzemandako hutsegiteen ondorioz, eta astelehenetik aurrera Sanir eta Ambulancias Baztan Bidasoa enpresek osatutako aldi baterako enpresa-elkarteak eta Ambulancias Gipuzkoak ordezkatuko dute.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Gizartea bideoak Prentsa digitalaren azken orduko Albisteak