Gizartea -
Hilketa homofoboa
Samuel Luiz hiltzeagatik auzipetutako lau gizonak errudun eta emakumea errugabe jo dituzte
Epaiaren berri izan eta gutxira, defentsek iragarri dute helegiteak jarriko dituztela.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Herri-epaimahaiak errudun jo ditu Samuel Luiz hiltzea egotzita auzipetutako lau gizonak eta errugabe jo du auzi horretan nahasitako emakume bakarra. Aurretik, bi adingabe zigortu zituen epaileak, hilketa egotzita.
Coruñako Lurralde Auzitegiko lehen sekzioak gaur, igandea, eman du 2021eko uztailaren 3an Samuel Luizen hilketaren harira zabaldutako auziaren epaia. Akusazioak 22 eta 27 urte arteko espetxe-zigorra eskatu zuen akusatuentzat, Samuel azpikeriaz eta ankerkeriaz hil zutela iritzita. Epaimahaiak, baina, baztertu egin du ankerkeriaz jokatu izana, baita eraso homofoboa izan izana ere.
Hain zuzen ere, epaimahaikideek aho batez ebatzi dute auzipetuetako bik azpikeriaz egin zutela hilketa, jakin bazekitelako zenbaterainoko ondorioak izan zitzakeen erasoak, baina iritzi diote basakeriarik ez zela egon, uste baitute erasoa ez zutela Samuel hiltzeko asmoarekin egin.
Bestalde, epaimahaiak ez ditu onartu defentsak planteatuko aringarriak (alkoholdun edarien edota drogen kontsumoa). Kontrara, ebatzi du auzipetuetako baten kasuan badela larrigarririk, sexu joeragatik baztertu zuelako biktima.
Epaiaren berri izan eta gutxira, defentsek iragarri dute helegiteak jarriko dituztela.
Espainiako LGTBI+ Federazioak pozik hartu du epaia
Espainiako LGTBI+ Federazioaren presidente Paula Iglesiasek ontzat jo du epaia, eta nabarmendu du gorroto diskurtsoek ondorioak dituztela.