Gizartea -
Bizkaia
Arrigorriagako industria-pabiloi batean izandako sutearen ustezko egilea atxilotu du Ertzaintzak
Sutea urriaren 24an gertatu zen, eta, horren ondorioz, bertako zortzi enpresa kiskalita geratu ziren. Suak hiru milioi euroko kalteak eragin zituen, eta bertan lo egiten zuen familia arriskuan jarri zuen.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Ertzaintzak 47 urteko gizon bat atxilotu du Arrigorriagan, urrian industria-pabiloi bat kiskali zuen sutearen egilea delakoan. Hilketa-saiakera eta zortzi enpresaren instalazioetan kalteak eragitea leporatu dizkiote.
Sutea urriaren 24an gertatu zen, 23:00ak aldera, Arrigorriagako Atxukarro industrialdeko 14. pabiloian. Ez zen inor zauritu, baina pabiloiko lokal batean behin-behinean bizi zen familia bateko lau pertsonak arineketan atera ziren egoitzatik, keari eta suari ihesi.
Sutea pabiloian instalatutako hainbat enpresatara zabaldu zen. Suhiltzaileen hainbat taldek orduak eta orduak eman zituzten sua kontrolatzeko, eta hainbat egun eman zituzten sua erabat itzaltzeko.
Hasierako ikerketak beheko solairuan kokatu zuen sutearen foku nagusia, aipatutako pertsonek (gizon bat, bi emakume eta adingabe bat) etxebizitza gisa erabiltzen zuten lokalaren azpian. Ertzaintzak gasolinaren arrastoak atzeman zituen bertan, ustez hori erabili baitzuten sua pizteko.
Sutearen ustezko egilea identifikatu zuten, eta aurretik familia hori mehatxatu egin omen zuela jakin zuen Ertzaintzak. Gizonak delitu-aurrekari ugari eta errekisitoria judizialak ditu.
Atxilotua Bilboko Guardiako Epaitegiaren esku utzi dute, hilketa-saiakera eta zortzi enpresaren instalazioetan kalteak eragin izana leporatuta. Lehen kalkuluen arabera, suak hiru milioi euroko kalteak eragin zituen, eta bertan lo egiten zuen familia arriskuan jarri zuen.