Gizartea -
Memoria historikoa
Erorien Monumentua eraisteko eskatuko dute datorren asteazkenean Iruñean egingo duten elkarretaratze batean
Erorien Monumentua eraldatzeko eta beste esanahi bat emateko PSNk, EH Bilduk eta Geroa Baik lotutako akordioa errefusatu du monumentua botatzearen alde dauden elkarteen plataformak. "Ez genuen alderdi aurrerakoien partez horrelako traiziorik espero", salatu dute plataformaren bozeramaileek.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Erorien Monumentua Eraistearen aldeko Elkarteen Plataformak elkarretaratzea deitu du datorren asteazkenerako, azaroak 27, "Eraitsi Orain!" lelopean, Erorien Monumentua eraldatzeko eta beste esanahi bat emateko PSNk, EH Bilduk eta Geroa Baik lotutako akordioa errefusatzeko eta Memoria Demokratikoaren Legeari erreparatuta alternatiba bakarra eraispena dela aldarrikatzeko.
Yolanda Anso eta Koldo Amatria plataformako kideek jarri diote ahotsa salaketari, larunbat honetan Iruñean, Plazara zentroan, komunikabideen aurrean egindako agerraldian. Faxismoaren biktimen senideen memoria berreskuratzeko politika publiko berriak behar direla azpimarratu dute, faxismoaren biktimen memoria demokratikoarekiko zor bat delakoan.
PSNk, EH Bilduk eta Geroa Baik hitzartutako akordioak elkarte hori bereziki mindu du. "Ez genuen alderdi aurrerakoien partez horrelako traiziorik espero", salatu du Ansok. Gainera, elkarteari aurretik ezer jakinarazi ez izana ere deitoratu dute. Amatriaren hitzetan, Erorien Monumentua "duela urtebete bota behar izan zuten", eta horren harira eskari bat bidali zioten Iruñeko Udalari.
Bestalde, monumentuari emango dioten izen berria (Maravillas Lamberto) ere errefusatu dute, "horren hiltzaileak goratzeko lekua izan delako". Plataformako kideen ustez, are okerragoa da aukeraketa kontuan hartuta horren arrebak monumentua eraistea nahi zuela, "terrorea eta oroitzapen mingarriak eragiten zizkiolako".
Gaineratu dutenez, akordio horrek Memoria Demokratikoaren Legea urratzen du, tokia ezin baita memorialeku bihurtu.