Gizartea -
98 hautagaitza
Musikari, kirolari, aktore, sukaldari, idazle eta kazetariak, Urrezko Danborra jasotzeko hautagaien artean
Bruce Springsteen, Amaia Montero, Leire Martinez, Fermin Muguruza, Izaro Andres, Donostiako Orfeoia, David Silva, Lucas Eguibar, Maialen Chorraut, Bera Bera, Donostia Arraun, Andoni Luis Aduriz, Johnny Depp, Aimar Bretos, Dolores Redondo edo Zaporeak dira hautagaietako batzuk.
Agentziak | EITB Media
Donostiako Udalak amaitu du 2025eko Urrezko Danborra jasotzeko behin betiko hautagaitzak aztertzeko eta baliozkotzeko prozesua. Guztira 98 hautagai dira.
Bozeramaileen Batzordeak gehienez hiru hautagaitza aukeratu beharko ditu orain herri-bozketaren prozesua aurrera eramateko edo, adostasun zabala izanez gero, saritua zuzenean izendatzeko. Guztira 380 pertsona fisiko eta juridikok parte hartu dute prozesuan. Jasotako hautagai zerrendetatik 42 baztertuak izan dira eta gainerakoak taldekatuak. Horrela, 98 hautagai geratu dira 2025eko Urrezko Danborra aukeratzeko prozesuan.
Donostiako Udaletik azaldu dutenez, baztertutakoak hainbat arrazoirengatik izan dira, hala nola proposatutako hautagaiek nortasun juridikorik ez dutelako, sariaren helburuarekin bat ez datozelako edo proposamenaren tonu desegokiagatik.
Hautagaien zerrendan Bruce Springsteen, Amaia Montero, Leire Martinez, David Bisbal, Fermin Muguruza, Izaro Andres eta Javier Gurrutxaga abeslariak eta Donostiako Orfeoia agertzen dira.
Era berean, kirolari ugari daude, tartean David Silva, Lucas Eguibar, Maialen Chorraut, Martin Zubimendi, Mikel Oyarzabal, Take Kubo, Iñigo Llopis, Imanol Alguacil entrenatzailea, eta Bera Bera emakumezkoen eskubaloi taldea, Kaiarriba edo Donostia Arraun bezalako klubak.
Ander Gonzalez, Andoni Luis Aduriz, Elena Arzak eta bere aita Juan Mari Arzak edo Karlos Arguiñano bezalako sukaldariak ere aurtengo Urrezko Danborra irabazteko hautagaiak dira, Amancio Ortega bezalako enpresaburuekin batera.
Zinema-munduko ordezkariak, besteak beste, Johnny Depp, Borja Cobeaga, Jaione Camborda, Jose Luis Rebordinos, Miren Ibarguren, Moriarti Produkzioak eta Paco Leon dira, eta idazleen artean, Dolores Redondo, Juan Luis Arsuaga (paleontologoa), Karmelo C. Iribarren eta Uxue Alberdi.
Azkenik, sarirako hautagaien zerrendan Aimar Bretos, Ana Terradillos, Ion Aramendi, Aunitz Alberdi, Begoña del Teso eta Martin Llade kazetariak ere badaude, baita Zaporeak gobernuz kanpoko erakundea ere.