Gizartea -
Indarkeria matxista
Sexu eraso bat gertatu izana "irmoki" gaitzetsi du Azkoitiko Udalak
Erasoa duela denbora bat jazo zen, baina orain jarri du salaketa. Udalak protokoloa aktibatu eta emakumeari eta haren gertukoei bere laguntza eta begikotasun osoa adierazi nahi izan die.
EITB MEDIA
Udalerrian jazotako sexu-eraso baten berri eman du gaur Azkoitiko Udalak. Jakinarazi duenez, erasoa duela denbora bat jazo zen, baina orain jarri du emakumeak salaketa. Hori horrela, Udalak "gogor" gaitzetsi du gertatutakoa, eta bere laguntza eta begikotasun osoa adierazi dizkie emakumeari nahiz haren gertukoei. Halaber, indarkeria sexisten kasuen aurrean erantzun publiko instituzionala emateko protokoloa aktibatu eta adierazpen bateratua onartu du Bozeramaileen Batzordeak.
Erasoa duela denbora bat gertatu arren, emakumeak orain jarri du salaketa. Udalak nabarmendu du "beti" errespetatuko dituela emakumeen denborak eta borondatea, hitza eta erabakia, eta "erreparaziorako lagungarria" den erantzuna ematen ahaleginduko dela azpimarratu du.
Arreta egokia bideratuko dela ziurtatu eta informazioa baloratu eta gero, Azkoitiko Udalak hurrengo erabakiak hartu dituela jakinarazi du: alde batetik, Udalaren jarrera irmoa adieraztea, "argi eta garbi esateko ez ditugula inola ere onartzen emakumeen eskubideak urratzen dituzten eraso makur hauek"; eta, bestetik, herritar guztiei bide bat eskaintzea, gaitzespen argi bat agertu dezaten emakumeen aurkako indarkeriaren aurka, "indarkeria ez baita soilik erasoa edo hilketa pairatzen duten emakumeen arazoa, baizik emakume guztiena".
Hori dela eta, Azkoitiko Udalak dei egin die herritar guztiei antolatuko diren gaitzespen ekitaldietan parte hartzera, indarkeria sexistaren aurka agertzera eta, indarkeria horren biktimei bakarrik ez daudela adieraztera.