Gizartea -
EUSKO LEGEBILTZARRA
Ertzaintzaren barruan adin txikikoetan espezializatutako taldea sortzea eskatu du EAEko fiskal nagusiak
Carmen Adanen esanetan, "erabat beharrezkoa" da, adingabeek egindako eta horien aurkako delituen gorakada ikusita.
AGENTZIAK | EITB Media
Carmen Adan EAEko fiskal nagusiak Ertzaintzaren barruan adin txikikoetan espezializatutako taldea sortzea eskatu du, gaur goizean, Eusko Legebiltzarrean egin duen agerraldian. Horren esanetan, "erabat beharrezkoa" da, adingabeek egindako eta horien aurkako delituen gorakadaren eta larritasunaren aurrean.
EAEko fiskal nagusiak 2023. urteko memoriari buruzko azalpenak eman ditu Justizia eta Giza Eskubideen Batzordean, txostena irailean ezagutzera eman bazen ere. Besteak beste, delitu egile edo biktima diren adin txikikoen egoera nabarmendu du.
Adin txikikoekin gertatzen ari denaren aurrean, Carmen Adanen arabera, "espezializazioa" da bidea. Egoera "oso larria" dela iritzi dio, tartean, biktimak eta delitu egile eredu berriak daudela iritzita. "Polizian ere aurrerapausoak behar ditugu, hori baita erantzuteko gaitasuna izatea ahalbidetuko diguna", gaineratu du.
Bestalde, adin txikikoen sare sozialen, aplikazioen eta inteligentzia artifizialaren erabilera dela eta kezkatuta agertu da.
Azkenik, ezbaian jarri du adin txikikoen harrera zentroak mistoak izatea. Adingabeen ordezkariek beraiek egindako eskaria dela adierazi ostean, erabakia eta eskumena foru aldundiena dela azpimarratu du.