Gizartea -
TITULAR NAGUSIAK
Albiste izango dira: Abisu horia euriagatik, Haurren Eskubideen Mundu Eguna eta Durangoko Azokaren egitaraua
Gaurkoan albiste izango direnen laburpena, bi hitzetan.
EITB MEDIA
Honako gai hauek hartuko dituzte gaur, 2024ko azaroaren 20an, hedabideetako lerroburu nagusiak:
- Abisu horia euriagatik: Euri-jasengatiko abisu horia indarrean dago Bizkaian eta Gipuzkoan, ostegun goizeko seiak arte, izan ere, Euskalmeten iragarpenaren arabera, 24 orduko epean, metro koadroko 60 litro pilatu daitezke bi lurraldeetan, batez ere kostaldean. Araban bustiko badu ere, ez da abisupean egongo. Prezipitazio iraunkorragatik ezarritako abisu horiaz gain, itsasaldeko arriskuagatik ere abisua dago (18:00ak arte).
- Haurren Eskubideen Nazioarteko Eguna: Haur eta gazteen elikaduraren inguruan ohitura osasungarriak sustatu asmoz, eta horiei zuzenduriko iragarkiek umeengan izan dezaketen eragin kaltegarria kontuan hartuta, Eusko Legebiltzarrak aurrerapausoa eman du eta haurrei eta nerabeei zuzendutako publizitatean janari azkarra eta edari energetikoak debekatu ditu. Hainbat ikerketaren arabera, adingabeek telebistaren eta Interneten bidez osasungarriak ez diren produktuen inguruan jasotzen duten publizitateak zuzeneko eragina dute haurren gizentasunarekin eta gehiegizko pisuarekin.
- Durangoko Azokaren egitaraua: Durangoko Azokaren antolatzaileek aurtengo egitaraua aurkeztuko dute 10:30ean hasiko den prentsaurrekoan. "Hartzea ematea DA!": Horixe da Durangoko Azokaren 59. edizioaren leloa, eta Udatxo eta Balu artistek sortu dute abenduaren 5etik 8ra egingo den edizioko kartela.