Gizartea -
Lapurreta eta ihesa
Espetxeratzea agindu dute lapurreta egitea eta 10 ertzain zauritzea egotzita atxilotutako bost lagunentzat
Donostiako merkataritza zentroan lapurreta egin ostean Abetxukun atxilotu zituzten bostak epailearen aurrera eraman dituzte gaur. Lapurretan seigarren pertsona batek parte hartu ote zuen ikertzen ari da Ertzaintza, baita otsailean leku berean lapurreta egin zuen talde bera ote den ere.
EITB Media
Epaileak behin-behineko kartzelaldia ezarri die joan den igandean Ertzaintzak atxilotu zituen bost gizonei, Donostiako Garbera merkataritza-gunean lapurtzea eta ihesaldian hamar agente zauritzea egotzita. Josu Bujanda Ertzaintzaren buruak EITB Mediari jakinarazi dionez, atxilotuak Madrildik etorritako talde kriminal bateko kideak dira.
Zehazki, Gasteizko Instrukzioko 2 zenbakiko Epaitegiak, guardiako funtzioetan, behin-behinean espetxeratzeko agindu du, ausarkeriaz gidatzeagatik, bizia mespretxatuz; indarra erabiliz lapurtzeagatik; agenteei lesioak eragiteagatik; eta agintaritzaren kontra atentatzeagatik, iturri judizialek jakitera eman dutenez.
Halaber, Ertzaintza lapurretan seigarren pertsona batek parte hartu ote zuen ikertzen ari da, baita otsailean leku berean lapurreta egin zuen talde bera ote den ere.
Ebasketa igande goizean (07:00 aldera) jazo zen, Garberako informatika denda batean. Ertzaintza ohartarazita, lapurrek bi kotxetan ihesari ekin zioten, eta agenteak haien bila joan ziren, abiadura bizian. Jazarpen luze bezain arriskutsua izan zen.
Izan ere, ordubete geroago, A-1ean atzeman zituzten, abiadura bizian, Arabako hiriburuaren parean. Bost gaizkileak alde egiten saiatu ziren, A-1 eta N-622 errepideetatik kontrako noranzkoan gidatuz. Azkenean, Abetxuku parean (Gasteiz inguruan) geldiarazi zituen Ertzaintzak, baina agenteen ibilgailuen aurka indarrez egin zuten.
Atxiloketan indarkeriaz aurre egin zieten 38, 31, 33, 35 eta 38 urteko bost gizonak epailearen esku utzi dituzte astearte honetan, eta epaileak espetxeratzeko agindu du.
Liskarren ondorioz, 10 agente zauritu ziren, lau ospitalera eraman behar izan zituzten, horietako bat Zainketa Intentsiboetako Unitatera. Hiruk alta jaso dute, ertzain batek izan ezik, horrek ingresatuta jarraitzen baitu.