Gizartea -
Bizkaia
Zorrotzako (Bilbo) trenbidea lurperatzeko informazio-azterlana behin betiko onartu dute
Proiektuak barne hartzen ditu bidaiari-trenentzako trenbide bikoitzeko geltoki bat eta merkantziak soilik garraiatzeko trenbide bakarreko tunel bat, saihesbide gisa. Aurrekontua 116 milioi eurokoa da. Obrek bi trenbide-pasagune kentzea ahalbidetuko dute.
Agentziak | EITB MEDIA
Espainiako Gobernuko Garraio eta Mugikortasun Iraunkorreko Ministerioak "Bilboko Zorrotza auzoan trenbidea integratzeko informazio-azterlana" onartu du. Horri esker, bi trenbide-pasagune kendu ahal izango dira; horretarako, 1.300 metroko trenbide-tunel bat eta gaur egungoa ordeztuko duen lurpeko geltoki bat egingo dute.
Ministerioak ohar baten bidez jakinarazi duenez, hurrengo egunetan argitaratuko dute ikerketa Estatuko Aldizkari Ofizialean.
Onartutako proiektuak barne hartzen ditu bidaiari-trenentzako trenbide bikoitzeko geltoki bat eta merkantziak soilik garraiatzeko trenbide bakarreko tunel bat, saihesbide gisa. Aurrekontua 116 milioi eurokoa da. Obrek bi trenbide-pasagune kentzea ahalbidetuko dute.
Gainera, eta Bilboko Udalak eskatuta, Azpiestazio Elektrikoa eta trenbide-linearen Mantentze Basea lekuz aldatuko dituzte, eta Santa Ageda inguruan birkokatu.
Horrela, bigarren aukera bat baztertu da, bidaiarien trenentzako trenbide bikoitzeko geltoki komuna eta merkantzia-trenentzako bide bakarra proposatzen zituena, azken hori bidaiarien nasa-eremutik horma batekin bereizita.
Santander-Bilbo La Concordia metro bateko zabalera duen lineak Zorrotza zeharkatzen du gaur egun, auzoa fisikoki bi zatitan banatzen du eta zeharkako iragazkortasuna bi hiri-pasagunetan kontzentratu egiten du.
Informazio-azterlana 2019ko urtarrilean Sustapen Ministerioaren, Bilboko Udalaren eta Adifen arteko lankidetza-protokoloa sinatu ondoren onartu da.