Gizartea -
Lapurreta eta ihesa
Garberan lapurreta egin zutenak Madriletik etorritako talde kriminaleko kideak direla baieztatu du Ertzaintzak
Donostiako merkataritza zentroan lapurreta egin ostean, Abetxukun atxilotu zituzten bostak epailearen aurrera eraman dituzte. Lapurretan seigarren pertsona batek parte hartu ote zuen ikertzen ari da Ertzaintza, baita otsailean leku berean lapurreta egin zuen talde bera ote den ere.
EITB Media
Donostiako Garbera merkataritza zentroan ustez lapurreta egin ostean ihes egin eta Gasteizen atxilotutako bost gizonak Madriletik etorritako talde kriminal bateko kideak direla baieztatu du Josu Bujanda Ertzaintzako buruak EITB Median.
Halaber, Ertzaintza lapurretan seigarren pertsona batek parte hartu ote zuen ikertzen ari da, baita otsailean leku berean lapurreta egin zuen talde bera ote den ere.
Bien bitartean, bost atxilotuak epailearen aurrera eraman dituzte gaur goizean, eta 11:30 geroztik deklaratzen ari dira. Bien bitartean, zauritutako ertzainetako batek ospitalean jarraitzen du.
Ebasketa igande goizean (07:00 aldera) jazo zen, Garberako informatika denda batean. Ertzaintza ohartarazita, lapurrek bi kotxetan ihesari ekin zioten, eta agenteak haien bila joan ziren, abiadura bizian. Jazarpen luze bezain arriskutsua izan zen.
Izan ere, ordubete geroago, A-1ean atzeman zituzten abiadura bizian, Arabako hiriburuaren parean. Bost gaizkileak alde egiten saiatu ziren, A-1 eta N-622 errepideetatik kontrako noranzkoan gidatuz. Azkenean, Abetxuku parean (Gasteiz inguruan) geldiarazi zituen Ertzaintzak, baina agenteen ibilgailuen aurka indarrez egin zuten.
Atxilo hartutakoak 28, 31, 33, 35 eta 38 urteko bost gizon dira, eta indarrez egindako lapurreta, ebasketa, agenteen aurkako erasoa eta bide segurtasunaren aurkako delitua leporatu dizkiete.