Gizartea -
Eguraldia
Euriteengatik abisu horia ezarriko dute Bizkaian eta Gipuzkoan bihar eta etzi
Euskalmeten iragarpenaren arabera, baliteke 24 orduko epean metro koadroko 60 litro pilatzea. Gainera, itsasaldeko arriskuagatik abisu horia ere egongo da indarrean asteazkenean, 3,5 metroko olatuak direla eta.
EITB MEDIA
Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak abisu hori bana ezarriko ditu bihar, asteazkenarekin, eta etzi, ostegunarekin, Bizkaian eta Gipuzkoan botako duen prezipitazio iraunkorragatik. Euskalmet meteorologiaren euskal agentziaren arabera, 24 orduko epean, metro koadroko 60 litro pilatu daitezke bi lurraldeetan, batez ere kostaldean.
Abisu horia biharko 06:00etan jarriko da indarrean, eta hurrengo eguneko 06:00ak arte izango da aktibo. Iragarpenaren arabera, euri ertaina, iraunkorra eta oso ugaria egingo du. Bustiko badu ere, Araba ez da abisupean egongo.
Prezipitazio iraunkorragatik ezarritako abisu horiaz gain, itsasaldeko arriskuagatik ere abisua ezarri du Jaurlaritzak asteazkenerako (03:00etatik 18:00etara). 3,5 metrorainoko olatuak espero direla eta, nabigaziorako egongo da arriskua lehen bi milietan. Olatuen altuera adierazgarria goizaldean 2 metrotik 3,5 metro ingurura igoko da goizean; arratsaldean, jaitsi egingo da eta gauean 2,5-3 metro ingurukoa izango da.