Gizartea -
Larrialdiak
Isuri toxikoen sirena-sareak simulakroak egingo ditu Hernani, Muskiz, Santurtzi, Punta Luzero eta Lantaronen
Azaroaren 22an, 25ean eta 26an egingo dituzte maniobrak, industria kimikoetako ihes toxikoen aurrean herritarrak sirena hotsarekin eta ondoren hartu beharreko neurriekin ohitzeko asmoz.
agentziak | eitb media
EAEko Enpresa Kimikoen Elkarteak larrialdi-sirena sarea jarriko du martxan azaroaren 22an, 25ean eta 26an Hernanin, Santurtzin, Muskizen, Luzero lurmuturrean eta Lantaronen, industria kimikoetako ihes toxikoen aurrean herritarrak sirena hotsarekin eta ondoren hartu beharreko neurriekin ohitzeko asmoz.
Segurtasun Sailak parte hartuko du ariketa horietan, eta 112 sistema jarriko du abian, herritarrei horrelako egoeretan nola jokatu azaltzeko.
Simulakroak hilaren 22an, ostiralean, hasiko dira, 10:00etan, Hernanin (Gipuzkoa). Bertan dago Electroquimica de Hernani S.A. enpresa.
Astelehenean jarraituko dute, 25ean, 10:00etan, Muskizen eta Abanto-Zierbenan, Petronor dela eta; 11:00etan, Santurtzin eta Zierbenan, Bilboko Portua dela eta; eta 11:30ean, Luzero lurmuturrean, Tepsa, Acideka eta Dekitra bertan daudelako.
Asteartean, 26an, Lantaronen (Araba) txanda izango da, eta 11:00etan sirena hotsak entzungo dira General Quimican edo Bakelite Iberican istripuren bat izan dela esanda.