Gizartea -

Migrazioa

Gaur irekiko dute lehenengo Harreragunea, Bilbon, migratzaileen harrera bideratzeko asmoz

Euskal Autonomia Erkidegoko beste bi hiriburuetan eta 20.000 biztanletik gorako udalerrietan antzeko bulegoak irekitzeko asmoa dute erakundeek.

Aurreneko Harreragunea, Colon de Larreategi kalean. Irudia: Bilboko Udala
Aurreneko Harreragunea, Colon de Larreategi kalean. Irudia: Bilboko Udala
Aurreneko Harreragunea, Colon de Larreategi kalean. Irudia: Bilboko Udala

Agentziak | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Bilboko Udalak eta Eusko Jaurlaritzak martxan jarri duten lehen Harreraguneak gaur zabalduko ditu bere ateak. 

Nerea Melgosa Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoko sailburuak eta Juan Mari Aburto Bizkaiko hiriburuko alkateak ostiralean aurkeztu zuten Colon de Larreategi kaleko 3. zenbakian dagoen lehenengo harreragune hau, Zehar-Errefuxiatuekin elkarteak kudeatuko duena.

Bulegoaren helburua Bilbo migratzeko aukeratzen dutenei orientazioa, laguntza eta baliabide erabilgarriak eskaintzea da. Zehazki, zerbitzu berriaren egoitzara joaten diren pertsonek erantzun "pertsonalizatua" jasoko dute, besteak beste, erroldatzea, atzerritartasun-izapideak, osasun-txartelak, adingabeen eskolatzea, hizkuntza ofizialen eta beste hizkuntza batzuen ikasketak edo lan-orientazioarekin zerikusia duten gaien inguruan.

Bestalde, Nerea Melgosak azpimarratu zuen proiektu pilotu honen jarraipena egingo dutela beste udalerri batzuetan ezartzea aztertzeko. Hasiera batean, Euskal Autonomia Erkidegoko beste bi hiriburuetan eta 20.000 biztanletik gorako udaletan antzeko bulegoak irekitzeko asmoa dute erakundeek.

Zerbitzu berria, erakunde bultzatzaileek gogorarazi dutenez, "lankidetza estuan" arituko da harrera eta kulturen arteko bizikidetza programak garatzen urteak daramatzaten gizarte eragileen sare zabalarekin. Bulegoak zortzi langile izango ditu.

Bilbotarren % 17 atzerritar jatorrikoak dira jadanik

Bilboko Immigrazioaren Tokiko Behatokiak emandako datuen arabera, dagoeneko bilbotarren % 17,3k jatorri atzerritarra du, eta zenbaki absolutuetan 60.000 pertsona baino gehiago dira.

Herrian erroldatutako etorkinen % 60,4 latinoamerikarrak dira, baina "marokoar, txinatar, errumaniar edo senegaldarren presentzia handia dago", Udalaren arabera.

Halaber, 2022tik, covid-19ak sortutako osasun krisia amaitu ondoren, migrazio-fluxuak berriro hazi dira, Bilboko kasuan "8.974 pertsonatan".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bilboko Udala Bilbo Migrazioa Bizkaia Eusko Jaurlaritza Euskal Autonomia Erkidegoa Arrazismoa Gizartea Eguneko albisteak Albisteak