Gizartea -
Lapurreta eta ihesa
10 ertzain zauritu zituzten bost lapurrak hurrengo orduetan igaroko dira epailearen aurrera
Donostiako Garbera merkataritza zentroan lapurreta ustez egin ostean, Abetxukun atxilotu zituzten atzo, Gasteiz inguruan, Ertzaintzaren auto batekin istripua eragin eta gero. Agenteetako bat Zainketa Intentsiboen Unitatean dago, larri zaurituta.
EITB Media
Donostiako Garbera merkataritza zentroan ustez lapurreta egin ostean, ihesean 10 ertzain zauritzea egotzita atxilotutako bost gizonak ertzain etxean daude, epailearen aurrera noiz eramango zain. Bien bitartean, zauritutako lau agentek ospitalean jarraitzen dute; bat Zainketa Intentsiboen Unitatean dago, larri.
Ebasketa igande goizean (07:00 aldera) jazo zen Garberako informatika denda batean. Ertzaintza ohartarazita, lapurrek bi kotxetan ihesari ekin zioten, eta agenteak haien bila joan ziren, abiadura bizian. Jazarpen luze bezain arriskutsua izan zen.
Izan ere, ordubete geroago, A-1ean atzeman zituzten abiadura bizian, Arabako hiriburuaren parean. Bost gaizkileak alde egiten saiatu ziren, A-1 eta N-622 errepideetatik kontrako noranzkoan gidatuz. Azkenean, Abetxuku parean (Gasteiz) geldiarazi zituen Ertzaintzak, baina agenteen ibilgailuen aurka indarrez egin zuten.
Atxilo hartutakoak 28, 31, 33, 35 eta 38 urteko bost gizon dira, eta indarrez egindako lapurreta, ebasketa, agenteen aurkako erasoa eta bide segurtasunaren aurkako delitua leporatu diete.
Gainera, urte hasieran Garberan bertan izandako beste lapurreta batekin zerikusia ote duten ikertzen ari da Ertzaintza.