Gizartea -
GOIALDEKO DEPRESIOA
Goialdeko depresioak eragindako 219 hildakoetatik gehienak barrualdean, etxeetan ala garajeetan aurkitu dira
Urriaren 29ko uholdeek 226 hildako utzi dituzte, horietatik 219 Valentziako Erkidegoan, eta 13 desagertuta daude.
EITB MEDIA
Goialdeko depresioak eragindako hildako gehienak etxebizitzen eta garajeen barruan aurkitu dira, eta leku irekietan, berriz, hildako gehienak zelai eta kaleetan topatu dituzte.
Urriaren 29ko uholdeek utzitako hildako kopurua 226 pretsonara igo da, Espainiako Gobernuaren azken datu ofizialen arabera: horietatik 219 Valentziako Erkidegoan, zazpi Gaztela-Mantxan eta bat Andaluzian. Gainera, 13 pertsona daude desagertuta.
225 pertsonei egin die autopsia, eta 219 identifikatu dituzte, hau da, hondamendiarekin lotuta hil zirenak.
Valentziako Justizia Auzitegiaren behin-behineko datuen arabera, gorpuen erdia baino gehiago barualdeetan aurkitu dira, batez ere etxe eta garajeen barruan: 65 gorpu topatu dituzte etxebizitzetan, 32 garajeetan, 24 zelaietan eta 21 kaleetan.
Gainera, hamar gorpu egoitzetan aurkitu dituzte, beste bat egoitza parean, sei autoetan, bi ibilgailuen azpian eta beste bat furgoneta barruan.
Beste lau gorpu aukitu dituzte sotoetan, bi supermerkatuko aparkalekuan, beste bat denda bateko parkinean, gorpu bat lurpeko aparkalekuan eta beste bat egoitza ondoko aparkalekuan.
Datuak Integratzeko Zentroak (CID) behin-behinean argitaratutako datuak dira honakoak, beraz, posible da aldaketak egotea gerora.