Gizartea -

Lapurreta

10 ertzain zauritu dira eta bost lagun atxilotu dituzte Donostia eta Gasteiz artean izandako jazarpen batean

Donostiako Garbera merkataritza zentroan lapurreta egin ostean, Abetxukun atxilotu dituzte, Gasteiztik gertu, Ertzaintzaren auto batekin istripua izan eta gero.

Ertzaintza. Artxiboko argazkia
Ertzaintza. Artxiboko argazkia
Ertzaintza. Artxiboko argazkia

EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ertzaintzak bost pertsona atxilotu ditu Donostiako Garbera merkataritza zentroan ustez lapurreta egin eta ihesi abiatu ostean. EITBk jakin duenez, Abetxukon (Gasteiz) atxilotu dituzte, hainbat kilometro atzetik segika joan eta gero. Jazarpenean, hamar ertzain zauritu dira: hiru ospitaleratu dituzte eta bat ZIUn sartu behar izan dute.

07:00 aldera, Gipuzkoako hiriburuko merkataritza-gunean lapurreta gertatu dela jakin du Ertzaintzak. Patruilak bertaratu direnean, lapurretaren ustezko egileak ihesera eman diotela ikusi eta haien bila joan dira, abiadura bizian.

Ibilgailuek matrikula faltsuak zituzten, larunbatean Gasteizen aparkatuta zeuden bi autotik ostutakoak, eta autoetako bat Zarautzen lapurtu zuten.

Ertzaintzak zaintza dispositiboa abiatu du orduan, eta ordubete geroago harrapatu ditu lapurrak, Gasteizen, A-1etik abiadura handian zihoazela. Alde egiten saiatu dira, A-1 eta N-622 errepideetatik kontrako noranzkoan gidatuz. Hala ere, Abetxuku parean geldiarazi ditu Ertzaintzak, baina agenteen ibilgailuen aurka egin dute.

Atxiloketa

Agenteek 28, 31, 33, 35 eta 38 urteko bost gizon atxilotu dituzte bertan, eta indarrez egindako lapurreta, ebasketa, agenteen aurkako erasoa eta bide segurtasunaren aurkako delitua leporatu diete guztiei.

Atxilotzeko orduan ere, indarrez egin dute agenteen aurka, eta guztira hamar ertzain zauritu dituzte. Horietako lau ospitalera eraman behar izan dituzte, eta, esan bezala, horietako bat Zainketa Intentsiboen Unitatera eraman dute.

Atxilotuak ertzain etxera eraman dituzte, eta hurrengo orduetan deklaratuko dute epailearen aurrean.

Ikerketak zabalik jarraitzen du, atxilotuek urte hasieran Garberan bertan izan zen lapurreta batekin zerikusirik duten argitu nahi baitute.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Trafiko Istripuak Donostia Ertzaintza Gipuzkoa Araba Gizartea Eguneko albisteak Gasteiz Albisteak