Gizartea -

Gasteiz

Gehienez ere 7.100 lagun atera ahal izango dira Gasteizko inauterietako desfileetan

Jendetzaren ondorioz 3 ordu iraun zuen azken desfileak, eragin nabarmena sortuz hirian: Trafikoa eten, tranbia moztu eta segurtasun operatibo zabala behar izateaz gain, Santiago ospitaleari eragiten dio, zaratagatik eta anbulantziek zirkulatzeko eta ospitalera sartzeko dituzten zailtasunengatik.

2023ko Gasteizko desfilea. Argazkia: Gasteizko Udala.
2023ko Gasteizko desfilea. Argazkia: Gasteizko Udala.
2023ko Gasteizko desfilea. Argazkia: Gasteizko Udala.

Agentziak | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gasteizko Udalak inauterietako desfilean parte hartuko duten pertsona-kopurua mugatzea erabaki du, segurtasun arrazoiengatik, zaratak Santiago ospitalean duen eraginagatik eta beharrezkoak diren udaltzainen kopuruagatik.

Gasteizko Udaleko osoko bilkurak larunbat eta igandeko inauterietako desfileetan gehienez ere 7.100 lagunek parte hartzea erabaki dute. Konpartsekin batera eztabaidatu eta hartutako erabakia da, segurtasun eta antolaketa arrazoiengatik bultzatutakoa.

Osoko bilkuran zuzenketa bat onartu da, PSE-EE, EAJ eta Elkarrekin alderdien aldeko botoekin, eta atzera bota da desfileetan mugarik gabeko parte-hartzea defendatzen zuen EH Bilduren mozioa.

Kultura eta Hezkuntza zinegotzi Sonia Díaz de Corcuerak azaldu du zergatik proposatu duen muga.

2024an desfileak 3 ordu baino gehiago iraun zuen egunetako bakoitzean, eta horrek eragin handia izan zuen hiriaren segurtasunean.

Alde batetik, desfilearen ibilbidea hiriaren zati handi batetik igarotzen da, hiria ia bitan zatituta gelditzeraino, eta trafikoa eten egin behar izaten da. Gainera, tamainagatik ez da posible izaten pasatu ahala zabaltzea, beste ekitaldi batzuetan gertatzen den gisan, blusen eta nesken kalejiretan adibidez.

Bestetik, tranbia ere 3 ordu baino gehiagoz moztuta egoten da Legebiltzarreko eta Angulemako geltokien artean, eta 4 adarrei eragiten die. 

Gainera, desfileak eragin nabarmena du Santiago ospitalean. Berez haren inguruan dezibelioak mugatu behar dira, baina bolumen handiko musika duen desfilea bat dator babestutako ordutegi-tarteekin. Gainera, desfileak anbulantzien joan-etorriak baldintzatzen du, bai eta Santiago ospitalerako sarbideak ere.

Desfilea mugatzeko beste arrazoietako bat behar diren udaltzainak dira; izan ere, karroza eta ibilgailu askok ez dute zirkulatzeko baimenik, eta, horregatik, Udaltzaingoak lagundu behar die. Bidegurutzeetan trafikoa kontrolatzeko eta ixteko ere polizia-agenteak behar dira. Ondorioz, operatibo guztiak 26 agente behar ditu.

"Hori guztia ez diot nik, Udaltzaingoak dio. Desfileak 3 ordu baino gehiago iraunez gero, trafiko eta tranbia etenak luzeagoak izango dira, Santiago ospitalean eta bertan dauden pertsonengan eragin handiagoa izango du, eta polizia gehiago beharko dira", esan du Kultura eta Hezkuntza zinegotziak.

Bestalde, gogora ekarri du hirian oro har eragiten duen inpaktua, baita desfilean parte hartzen ez dutenei ere, eta "250.000 pertsona baino gehiagori" eragiten diela esan du. 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Gasteizko Udala Inauteriak Gizartea Eguneko albisteak Gasteiz Albisteak