Gizartea -
Eguraldia
"Uda txikia" azaro betean
Tenperatura maximoak 20 gradura iritsiko dira larunbatean, eta apur bat beherago (17-18 °C) kokatuko dira igandean. Larunbatean, eguzkia izango dugu lagun; igandean, berriz, zerua hodeitsu egongo da eta tantaren bat edo beste bota lezake ipar partean.
EITB Media
Termometroak 20 graduko langaraino iritsita, eta eguzkiak eta hego haizeak lagunduta, "uda txikia" izango dugu udazkeneko asteburu honetan. Zeru aldean, gehienbat oskarbi egongo da larunbatean, baina igandean lainotzera egingo du, eta zirimiria ere egin dezake Kantauri isurialdean, betiere Euskalmet Euskal Meteorologia Agentziak egindako iragarpenaren arabera.
Ostiral honek ezarriko du asteburu honen eguraldi joera, izan ere, giro eguzkitsu eta epela izango ditugu nagusi.
Larunbaterako ez da aldaketarik espero. Iparraldean giroa eguzkitsua izango da, zerua tarteka hodeitsu egongo den arren, erdi mailako hodeiekin eta goi-hodeiekin, batez ere egunaren erdialdeko orduetan. Hegoaldean, aldiz, lainotuago egongo dira gainak. Hego haizearen eraginez, tenperatura maximoak atseginak izango dira urte sasoi honetarako: 19-20 ºC ingurukoak Bilbon, Donostian eta Baionan, eta 15 ºC-koak Gasteizen eta Iruñean. Tenperatura minimoak altuagoak izango dira, baina halere, barnealdeko zenbait tokitan hotz egingo du egunsentian (Gasteizen, esaterako, 6 gradu izango dituzte).
Igandean ahuldutako fronte bat sartzea aurreikusi dute, eta horrek aldaketa txikiak ekarriko ditu, batez ere Kantauri isurialdean. Eguna eguzkitsu hasiko da, eta goizeko behe-lainoak arin desagertuko dira. Dena dela, goizak aurrera egin ahala eta mendebaldetik hasita, hodeiak ugaritu egingo dira eta baliteke zirimiri pixka bat egitea. Hego osagaiko haizeak norabidea aldatuko du, mendebaldera eginda. Hori horrela, maximoak apur bat jaitsiko dira ipar isurialdean: Bilbo, Donostia eta Baiona 17-18 ºC-rekin geratuko dira. Hegoaldean, ordea, gora egingo dute, eta Gasteizen eta Iruñean 18 ºC-an errendituko dira.
Kontsulta ezazu eguraldiaren iragarpena eta bidali zure argazkiak eta bideoak.