Gizartea -

Sutea

10 pertsona hil dira Zaragozako adinekoen egoitza batean piztu den sutean

Beste bi pertsona larri daude. Sua Villafranca de Ebro udalerriko egoitzako logeletako batean hasi omen da, 05:00ak aldera. Ke handia sortu da, eta dirudienez, kea arnastuta hil dira egoiliarrak.

Larrialdi zerbitzuak adineko zentroaren inguruan. EITB Media
Larrialdi zerbitzuak adineko zentroaren inguruan.
Hamar pertsona hil dira Zaragozako adinekoen egoitza batean piztu den sutean

0:41

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gutxienez 10 pertsona hil dira eta beste bi oso larri daude Villafranca de Ebroko (Zaragoza) adinekoen egoitzan izan den sutean.

05:00ak aldera piztu da sua, egoitzako logeletako batean. Ordu horretan, 80 egoiliar eta bi langile zeuden erresidentzian, eta azken horiek eman diete abisua larrialdi zerbitzuei. Onik ziren pertsonak ere eurek atera dituzte. 

Sutearen ondorioz, ke handia sortu da, eta egoitza guztitik barreiatu da, dena betetzeraino. 

Hain justu, ematen du kea arnastuta intoxikatu eta hil direla biktimak, azken datu hori autopsiek berretsi beharko badute ere. 

Larri dauden bi pertsonak Royo Villanova erietxera eraman dituzte. 

Sutea gertatu den egoitzan bertan Zaragozako bi parkeetako suhiltzaileak, Guardia Zibila, Babes Zibileko boluntarioak, psikologo talde bat, gizarte langileak eta 061 telefono zenbakiko osasun profesionalak eta Alfaringo eta Fuentes de Ebroko osasun etxeetako medikuak daude. Roberto Bermudez de Castro Aragoiko Gobernuko Barne kontseilaria ere bertaratu da, eta hara joatekoa da Jorge Azcon presidentea ere.

"Ke handia zegoen"

Volga Ramirez Villafranca de Ebroko alkateak azaldu duenez, goizaldean egoitzara heldu denean, onik ziren egoiliarrak eraikinetik kanpo zeuden. "Garrak baino, kea zegoen. Ezin zen arnasarik hartu", azaldu du, eta erantsi, "zorionez" sutea hasi den logelak "segurtasun ate bat zuen", eta horrek zorigaitz handiagoa saihestu du. 

Ramirez atsekabetuta azaldu da egoiliarrak ezagunak zituelako, herrikideak. "Adineko jendeaz gain, 25 urteko pertsonak ere badaude, buruko osasuneko arazoekin. Bueltatxo bat egin ohi dute herritik, eta denak ezagutzen ditugu", argitu du. 

Larrialdi zerbitzuak eta egoiliarren senitartekoak. EFE

Egoiliarrak Huescako beste egoitza batera eramango dituzte behin-behinean. Izan ere, eraikinaren egituraren inguruko txosten teknikoen zain daude. "Udaleko arkitektoak zer esango gaude", zehaztu du. 

Aragoiko Gobernuak gaurko zituen ekitaldi guztiak bertan behera utzi ditu, eta telefono zenbakia (976 715 980) jarri du biktimen senitartekoak artatzeko. Udaletxean ere beste arretagune bat paratu dute. Aragoiko Gorteetan ere ez da gaur jardunik izango. 

Adineko egoitza batean izandako suterik larriena

Erresidentzia solairu bakarreko eraikina da eta Villafranca de Ebro udalerriko kanpoaldean dago. Herri txikia da, 800 biztanlekoa, eta Zaragozatik 30 kilometrora dago. 

Gaurkoa mende honetan adineko egoitza batean izandako suterik larriena da. 

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Suteak Espainia Gizartea Eguneko albisteak Albisteak