Gizartea -
TITULAR NAGUSIAK
Albiste izango dira: Mazonen azalpenak hondamendiari buruz, Ondas sariak eta Euskadi Bono Denda abian da
Gaurkoan albiste izango direnen laburpena, bi hitzetan.
EITB MEDIA
Honako gai hauek hartuko dituzte gaur, 2024ko azaroaren 15ean, hedabideetako lerroburu nagusiak:
- Mazonen azalpenak hondamendiaren kudeaketari buruz: Urriaren 29an bereziki Valentziako Erkidegoa astindu zuen goialdeko borraskak gutxienez 216 hildako eta dozenaka desagertu utzi ditu. Hondamendi naturala gertatu eta 17 egunera eta "Mazon dimisión" lelopean Valentzian manifestazioa egin eta bost egunera, Carlos Mazon Valentziako Generalitateko presidenteak goialdeko depresioaren kudeaketaren inguruko azalpenak emango ditu Valentziako Parlamentuan eta aldaketak iragarriko ditu bere gobernu taldean.
- Ondas sariak: "Faktoria Magazina" Euskadi Irratiko saioak eta EITBk M11ko 20. urteurrenari buruz egindako dokumentalak (''M11, martxoko lau egun'') Ondas saria jaso dute, bart, Bartzelonan egindako sari banaketa ekitaldian. "Faktoria Magazina" saioak gertutasuneko irratsaio onenaren saria lortu du, "gertutasuneko irratiaren balioak egunero euskaraz islatzeagatik". Bestalde, telebista atalean, EITB saritu dute M11ko 20. urteurrenari egindako jarraipen informatiboagatik.
- Euskadi Bono Denda kanpaina hasi da: Abenduaren 5era bitartean abian da tokiko merkataritza sustatzea helburu duen Euskadi Bono Denda programaren bosgarren eta azken edizioa. Aurten, Eusko Jaurlaritzako Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailak 3,5 milioi euro bideratuko ditu, iaz baino % 30 gutxiago. 16 urtetik gorako pertsonak gehienez 3 deskontu eskuratu ahal izango ditu —orain arte, bost ziren—, Euskadi Bono Denda kanpainan atxikitako establezimenduetan. Bonuak eskuratzen dituztenek 10 euroko deskontua izango dute 30 euroko erosketako.