Gizartea -
Denboralea
Andaluzia, Valentzia eta Katalunia normaltasuna berreskuratzen hasi dira, goialdeko depresioa atzean utzita
Kalte handiagoak saihesteko asteazkenetik herritarrak ohartarazita, Espainiako Estatuak 15 egunetan astindu duen bigarren borraska aldentzen ari da hildakorik utzi gabe, baina milaka pertsona etxetik kanpo daude oraindik, eta Valentzian garbiketa lanak moteldu ditu.
Agentziak | EITB Media
Espainiako Estatuko hegoaldea eta ekialdea astindu dituen goi-geruzetako depresio isolatu berriaren okerrena, azken orduetan kalte handiak, erreskateak eta uholdeak eragin dituena, pasa dela dirudi. Horrela, Andaluzia, Katalunia eta Valentzia borraska atzean uzten ari dira.
Kalte handiagoak saihesteko asteazkenetik herritarrak ohartarazita, Espainia 15 egunetan astindu duen bigarren depresioa aldentzen ari da hildakorik utzi gabe, baina milaka pertsona etxetik kanpo ddaude oraindik, eta Valentzian garbiketa lanak moteldu egin ditu.
Andaluzia denboralearen azken orduetara iritsi da biktimarik izan gabe, nahiz eta oraindik milaka pertsona etxetik kanpo dauden, batez ere Malagan. Orain Huelva probintzian jarri dute arreta, euriagatik abisu laranja duen bakarra.
Kalteak zenbatzeko, lokatza garbitzeko eta ibai batzuen emaria adi jarraitzeko eguna izan da, gainezka egiteko arriskua ote zegoen zaintzeko, batez ere Guadiaro eta Guadalhorce, Malagan.
Malagako probintziak, bigarren depresio honen epizentroak, 08:00ak baino lehentxeago indargabetu du abisu gorria. Hala ere, 3.000 pertsona baino gehiago ez dira oraindik etxera itzuliko badaezpada.
Arreta Andaluziako mendebaldean jarrita dute orain, Cadiz, Huelva eta Sevilla probintzietan, non abisu laranjak baitzeuden, dagoeneko horira pasa direnak, Huelvan izan ezik.
Eguneko arazo nagusiak Cadizeko Campo de Gibraltar eskualdean izan dira, bereziki Jimena de la Frontera udalerrian. Bertan, hainbat etxebizitza hustu eta harrapatuta geratu diren pertsonak erreskatatu behar izan dituzte, batzuk teilatuetan.
Malagak normaltasuna berreskuratu du
Malagak normaltasuna berreskuratu du, abisu gorria bertan behera geratu ostean. Hala ere, beste edozein lanegunetan baino jarduera eta joan-etorri gutxiago izan dira, probintzia osoko ikastetxeetan ez baita eskolarik eman.
Malagako Udalak erabat indargabetu du Larrialdi Plana, eta garraio publikoa normaltasunera itzuli da pixkanaka; baina lanean jarraitzen dute hainbat errepidetan, garbiketa eta konponketa lanak egiten.
Hiriak azkar berreskuratu du bere jarduera, turistak kaleetara itzuli dira eta saltoki txikiak irekitzen hasi dira.
Malagako alkate Francisco de la Torrek gaur azpimarratu duenez, beharrezkoa da Campanillas ibaia bideratzeko proiektu bat eta Grande ibaiaren emaria kontrolatzeko azpiegitura bat eraikitzea, Malagako hiriburuan izandako uholdeen ostean.
Malagako aireportua normaltasunez ari da lanean, asteazkenean itxi ostean. 17 hegaldi bertan behera geratu ziren, eta beste bost Sevillara desbideratu behar izan zituzten.
Era berean, Renfek Malagako abiadura handiko zerbitzuak berrezarri ditu 10:30ean.
Malagako Benamargosa herri txikiak 1.000 biztanle inguru ditu, eta asteazkenean borraskaren epizentroan kokatu zuten uholdeen ondorioz kaleak betetzen dituen lokatza garbitzeko lanean ari da.
Borraskak "kalte handiak" eragin ditu nekazaritza eta abeltzaintza sektoreetan, batez ere Axarquian eta Guadalhorce haranean; izan ere, euriteek eta uholdeek "laboreak eta ureztatze-sistemak suntsitu dituzte", Asaja sindikatuak jakitera eman duenez.
Eskolak eta tren-zerbitzua itzuli dira
Ekaitzaren ostean, Andaluziak eskola-jarduera osoari berriz helduko dio ostiral honetan, baita unibertsitateetan ere, bost probintziatan egun bat edo bi eten ostean.
Valentziako ikastetxeek ere, La Torre eta Horno de Alcedokoak izan ezik, ateak zabalduko dituzte berriro ostiral honetan.
Bestalde, Renfek tren zerbitzua berreskuratu du linea guztietan Tarragonan, asteazkenean izandako euriteengatik zirkulazioa eten ostean, ohar baten bidez jakitera eman duenez.
10:15ean Bartzelona eta Valentzia arteko zerbitzua berreskuratu da Euromed eta Intercity trenekin. Bartzelona eta Malaga arteko abiadura handiko trenaren zirkulazioa ere 10:30ean berrezarri dute.