Gizartea -

Sexu-erasoak

Errejonek dio Mouliaaren salaketa "faltsua" dela

Epaileari auzia berriro irekitzeko eskatu dio diputatu ohiak, eta deklaratzen uzteko, "benetan gertatutakoa azaltzeko", "linbo prozesala" saihestuz. Aktoreak, aldiz, berretsi du kontatu duen guztia "zehatz-mehatz gertatu zena" dela.

Iñigo Errejon diputatu ohia. Argazkia: EFE
Iñigo Errejon diputatu ohia. Argazkia: EFE
Iñigo Errejon diputatu ohia. Argazkia: EFE

Agentziak | EITB media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Iñigo Errejon diputatu ohiak ziurtatu du Elisa Mouliaa aktorearen salaketa "faltsua" dela, eta sexu-erasoagatik ikertzen ari den epaileari eskatu dio auzia berriro irekitzeko eta deklaratzen uzteko, "benetan gertatutakoa azaltzeko", Mouliaaren abokatuaren haurdunaldiaren ondorioz auzia eten ondoren izandako "linbo prozesala" saihestuz.

Bere helegitean, Sumarren Kongresuko bozeramaile izandakoa Madrilgo Epaitegira eta Madrilgo Lurralde Auzitegira zuzentzen da, Mouliaaren abokatuak "prozedura honen izapidetzea luzatzeko eta atzeratzeko amarrua " dela uste duena kritikatuz, "asmo txarrez" egindakoa.

Astelehenean erabaki zuen Adolfo Carretero epaileak auzia aldi baterako artxibatzea, Mouliaaren abokatua baja medikotik itzuli arte.

Epaileak ebazpenean azaldu zuenez, Mouliaak "uko egin dio konfiantzaz ordezkatuko duen beste abokatu bat izendatzeari", eta, beraz, "ezinezkoa da prozedurarekin jarraitzea".

Errejonen abokatuak auzia berriro irekitzeko eskatu dio epaileari, "ahalik eta lasterren deklaratu ahal izan dezan", eta aktoreari dei egin diezaion "gehienez 24 orduko epean bere konfiantzazko abokatu berri bat izenda dezan, bera ordezkatzeaz berehala arduratu ahal izateko".

Testuinguru horretan, politikari ohiaren defentsak gogorarazi du kasu hau ez dela "prozedura zibila", baizik eta "penala, oso mediatikoa, jokabide larriak egozten dituena, eta igarotzen den egun bakoitzean Errejonek ezin ditu behar diren azalpenak eman instrukzio-organoaren aurrean, bere ohorearen eta errugabetasun-presuntziorako eskubidearen kaltetan".

"Beraz, eta prozesuaren garrantzi mediatiko berezi hori dela eta, salbuespenezkoa baita, Errejon jauna babesten duten eskubide prozesalak errespetatzea beharrezkoa da; Mouliaaren abokatuak nahi duen atzerapen bidegabe eta larria saihesteko; 16 aste baino gehiago emango ditu bajan? 2025eko martxora edo apirilera arte?", galdetu du.

Diputatu ohiaren abokatuak azpimarratu duenez, Errejonen "nahia" joan den asteartean deklaratzea zen, hasiera batean aurreikusita zegoen bezala, "organo judizialaren aurrean azalpenak eman ahal izateko eta benetan gertatutakoa azaltzeko, Mouliaak bere salaketa faltsuan deskribatutakoetatik oso urrun dagoelako, eta instrukzio-fasean zehar egiten diren frogekin argitu ahal izango direnak".

Errejonen ordezkariak ziurtatu duenez, "epaileak adostutako eta aurrekaririk ez duen linbo prozesal hori luzatu nahi izatea, eta diputatu ohia gutxienez beste lau hilabetez zain geratzea, juridikoki eta gizalegez onartezina da". "Asmo txarra dago, zalantzarik gabe; eta zuzenbide-abusu ukaezina", erantsi du.

Mouliaak Errejoni erantzun dio

Aktoreak Sumarreko diputatu ohiaren defentsak aurkeztutako helegiteari erantzun dio, esanez bere salaketa ez dela "faltsua" eta kontatu duen guztia "zehatz-mehatz gertatu zena" dela.

"Ulertzen dut haserrea izugarria dela, baina salaketa faltsua dela esatea tamalgarria iruditzen zait, ez delako hala. Kontatzen dudan guztia zehatz-mehatz gertatu zena da", adierazi du Mouliaak Antena 3 telebistako 'Y ahora Sonsoles' saioan.

Salaketaren eta Errejonen helegitearen ondorioaz bizi izan duen "boom mediatikoaren" ostean "nahikoa kikilduta" sentitzen dela aitortu du, eta salaketa aurkeztu zuela esan du,"zer gertatzen ari zen eta zer gertatu zen argitzeko".

Aktoreak defendatu duenez, diputatu ohiarekin gertatu zena bere bizitzako gaurik "desatseginenetakoa" izan zela azpimarratu du. "Horren guztiaren frogak eta lekukoak ditut. Orduan, ez dut atzera egin. Jakina, oraintxe bertan, abokatuak idatzi duen guztiarekin, beldurra sartu zait eta nahiko txundituta nago, baina orain justizian konfiantza izatea eta nire abokatuak nola jokatu erabakitzea besterik ez zait geratzen", berretsi du.

Mouliaak gogorarazi du bere abokatua bajan eta "egoera konplexuan" dagoela. "Dena faltsua dela eta asmo txarra egon dela esatea (...) Asmo txarra bere aldetik datorrela iruditzen zait", gaineratu du.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Indarkeria matxista Espainia Gizartea Indarkeria matxistaren biktimak Eguneko albisteak Albisteak Matxismoa Sexu erasoak Sumar Mugimendua