Gizartea -

EBAZPENA

Lankideei ur botila batera lixiba bota zien emakume baten kaleratzea berretsi du EAEko Auzitegi Nagusiak

Epaileak uste du emakumeak lankideen osasuna arriskuan jarri zuela, eta horrenbestez, kaleratzea "neurri proportzionala" dela. Azken horren arabera, lankideak "eskarmentua emateko" bota zuen lixiba ur botilara, bere botilatik edaten omen zuten eta sarritan, baimenik gabe.

EAEko Justizia Auzitegi Nagusia, artxiboko irudi batean. Argazkia: EFE
EAEko Justizia Auzitegi Nagusia, artxiboko irudi batean. Argazkia: EFE
EAEko Justizia Auzitegi Nagusia, artxiboko irudi batean. Argazkia: EFE

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiak bidezkotzat jo du lankideei ur botila batera lixiba botatzeagatik emakume bat enpresatik kaleratzea. Bere defentsan, emakumeak esan zuen lankideek baimenik gabe edaten zutela bere botilatik eta, "pazientzia agortu" zitzaionean, "eskarmentatzeko" bota zuela lixiba botilara.

Gaur kaleratutako epaiarekin, Donostiako Lan Arloko Epaitegiaren ebazpena berretsi du Auzitegi Nagusiak, "kaleratzea emakumearen jokaerarekiko proportzionala" izan zela argudiatuz.

2023ko azaroan izan ziren gertakariak. Gipuzkoako kiroldegi batean garbiketa lanak egiten zituen emakumeak ur botila batera lixiba bota zuen, eta hozkailuan gorde. Bere azalpenen arabera, lankideek sarritan edaten zuten bere botilatik, eta inoiz zakarrontzira bota ere bai. Horren aurrean, egun batean, lixiba bota eta bere izena tapoian idatzita gorde zuen botila.

Handik bi egunera, lankide batek botila hartu eta ura bakarrik zuelakoan edan egin zuen. Antza, berehala ohartu zen ura ez beste zerbait zuela. Emakumeari kontuak eskatu, eta hark aitortu egin zion lixiba bota izana.

Larrialditan artatu zuten lixiba edan zuen lankidea, eta probak egin ondoren, ez zioten zauririk atzeman. Ondoren, enpresak kaleratu egin zuen egilea, bere jokabideagatik. 2014tik zegoen kontratatuta.

Donostiako Lan Auzitegira jo zuen orduan kaleratutako emakumeak, eta epaileak ontzat eman zuen enpresaren erabakia. Gaur Auzitegi Nagusiak erabakia berretsita, epaia oraindik ez da irmoa, eta Auzitegi Gorenean helegitea jartzeko aukera du salatzaileak.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Donostia Epaiketak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak EAEko Justizia Auzitegi Nagusia