Gizartea -
bullyinga
Eskola jazarpen kasu batean ezikusiarena egiteagatik zigortutako Bilboko ikastetxeak helegitea aurkeztuko du
Esther Balbuena zentroko zuzendari pedagogikoak defendatu duenez, "legeak ezartzen dituen protokoloak" jarraitu ziren, "hasieratik Ikuskaritzarekin zuzeneko komunikazioa izanik". Euren ustez, epaitutakoa "ez zen bullying kasu bat izan".
EITB Media
Karitate Alabak Begoñako Andramari Ikastetxeak helegitea aurkeztuko du Bizkaiko Lurralde Auzitegian eskola jazarpen kasu baten aurrean ezikusiarena egiteagatik ezarri dioten zigorraren kontra. Atzo zabaldu zen Bilboko Lehen Auzialdiko epaitegi batek emandako epaia, eta aitzindaria da, besteak beste, ezarritako kalte-ordainagatik: eskolak 40.000 euro pagatu beharko baitizkio biktimaren familiari.
Esther Balbuena ikastetxeko zuzendari pedagogikoak kazetariei gaur azaldu dienez, Bilboko Santutxu auzoan dagoen zentroak ez du epaiarekin bat egiten, eta, hortaz, helegitea aurkeztuko dio. Defendatu duenez, "legeak ezartzen dituen protokoloak" jarraitu zituzten, "hasieratik Ikuskaritzarekin zuzeneko komunikazioa izanik". Auzia "zabalik" dagoela eta, "errespetua" eskatu du.
Ikastetxearen ustez, bost urteko neskatoak pairatutakoa "ez da bullyinga", eta horrela azaldu zuten epaiketan ere. "Egoera ez zen erraza izan hasieran, baina ez zen neska baten kontra. Hori ez da bullyinga, izan zitekeen egoera desegoki bat", nabarmendu du.
Epai historikoa
Bilboko Lehen Auzialdiko 8. epaitegiak emandako epaiaren arabera, ikastetxeak 40.000 euro ordaindu beharko dizkio neskato baten familiari, hark 5 urte zituenean pairatu zuen eskola jazarpenaren aurrean ezer ez egiteagatik.
Familiaren abokatuaren arabera, epai aitzindaria da biktimaren adinagatik, ikastetxeak erantzukizun zuzena izan zuelako, eta ezarritako kalte-ordainagatik (inoizko handiena).
Kasua 2021-2022 ikasturtean jazo zen Santutxu auzoko itunpeko ikastetxean. Epaiaren arabera, umeaari beste ikasle batek "etengabeko eraso" fisikoak eta jazarpena egiten zizkion. Hainbat hilabete eman zituen neskatoak egoera horretan, gurasoek ikastetxez aldatu zuten arte.
Epaileak ebatzi duenez, ikastetxeak ez zuen nahikoa egin erasoak saihesteko, eta jasandakoaren ondorioz, biktimak hitz egiteari utzi zion tarte batez, "atzerako jarrera izan zuen harreman sozialekiko" eta "larritasun, insomnio eta apetitu-galera" izan zituen.
Epaiak biktima artatu zuen Osakidetzako psikiatraren txostena ere jaso du proba gisa. Horren arabera, neskatoa "oso gaixo zegoen, tratu txarren eta sexu abusuen aurrean izan ohi den trauma osteko estres larriak jota". Gertakarietatik hiru urte igaro diren honetan, adingabea tratamendu psikiatrikoan dago eta botikak hartzen ditu. Familia etxez aldatu da.
Jazarpen egoera horren aurrean, ikastetxeak "ezikusiarena" egin zuela esan zuen psikiatrak epaiketan.
Gauzak horrela, epaiak ebatzi du frogatuta geratu dela jazarpen kasua ez zela "egoera isolatu eta puntual" bat izan, eta "gutxienez 2021eko irailetik 2022ko martxora arte" gertatu zirela jazoerak. "Tarte horretan ikastetxeak ez zuen inongo konponbiderik topatu", ohartarazi du.
"Adingabea babesteko eta erasoak saihesteko neurriak hartzeko erabakien zantzurik ez dago. Ikastetxea ikusle besterik ez zen izan", nabarmen du epaiak.