Gizartea -
EPAIKETA
Fiskalak 20tik 15era jaitsi du zigor eskaria Santi Coca hiltzea egozten dioten akusatuarentzat
Orain, Ministerio Publikoak homizidio delitua ikusten du Cocaren heriotzaren atzean, eta ez hilketa. Gaurko saioan, aldeek azken ondorioak aurkeztu dituzte.
EITB MEDIA
Fiskalak 20tik 15era jaitsi du zigor eskaria Santi Coca hiltzea egozten dioten akusatuarentzat. Gazte donostiarra 2019an hil zen, Donostiako dantzaleku baten kanpoaldean emandako jipoiaren ondorioz.
Hasieran, Ministerio Publikoak auzipetuari hilketa delitua leporatzen bazion ere, orain aldatu egin du akusazioa eta homizidio delitua izan zela ebatzi du. Hau da, uste du akusatuak ez zuela aurrez pentsatuta gaztea hiltzea. Herri akusazioak (Donostiako Udala), berriz, hasierako eskaerari eutsi dio eta 20 urteko espetxe zigorra eskatu du.
Bere aldetik, defentsak absoluzioa eskatu du. Gertakarien unean auzipetua "mozkortuta" eta "bere onetik aterata" zegoela ere erantsi du, eta hori aringarri gisa hartzea galdegin.
Joan den azaroaren 4an hasita, Cocaren heriotza argitzeko bigarren epaiketa ari dira egiten Gipuzkoako Lurralde Auzitegian. Akusatuen aulkian eserita dagoen gizonezkoak ihes egin zuen kasuaren aurreneko instrukzio fasean, eta otsailean atxilotu zuten, Frantzian. Horregatik ari dira orain epaitzen. Gaurkoa bederatzigarren saioa da eta aldeek euren ondorioak aurkeztu dituzte, ondoren epaileak epaiaren aurretiko azken txostena egin dezan, epaimahaiaren esku uzteko.
Lehendabiziko epaiketa iazko azaroan eta abenduan egin zen. Akusatuetako lau absolbitu egin zituzten, eta bati hiru urte eta erdiko kartzela zigorra ezarri zioten arduragabekeriazko hilketa egotzita, baina intoxikazio etilikoaren aringarriarekin.