Gizartea -
Hedabideak
"La Vanguardia"k X sarean argitaratzeari utziko dio "desinformazioaren sarea" bilakatu delakoan
Elon Musken sare soziala uzten duen Espainiako Estatuko lehen hedabidea da Kataluniako egunkaria, eta "The Guardian" britainiarrak atzo bertan hartutako erabakiaren ondotik dator.
Agentziak | EITB Media
La Vanguardia egunkariak gaur iragarri duenez, X sare sozialean (lehen, Twitter) mezuak kaleratzeari utziko dio Elon Musk dirudunak erosi zuenetik "desinformazioaren sarea" bilakatu dela argudiatuta.
Hain justu, The Guardian egunkari britainiarrak ere atzo bertan jakinarazi zuen X utziko zuela. Horren hitzetan, sare sozial "toxikoa" bihurtu da, eta bertan egotearen kalteak abantailak baino "gehiago" dira orain.
Iritzi berekoa da hedabide katalana ere, eta Espainiako Estatuan sare sozialean argitaratzeari utziko dion lehen komunikabidea da.
Azaldu duenez, "desinformazioak eta konspirazio teoriek bozgorailua dute plataforma horretan".
Horren hainbat adibide jarri ditu La Vanguardiak: AEBko hauteskunde kanpainan gertatutakoak edota GOIDIak Valentzian eragindako hondamendiaren inguruan esandako "gezurrak". X uztea "keinu beharrezkotzat" jo du Jordi Juan egunkari katalanaren zuzendariak.
La Vanguardiaren arabera, giza eskubideen kontrako ideiak zabal dabiltza X sarean, hots, gutxiengo etnikoen kontrako gorrotoa, misoginia, arrazismoa... Ideiok biral bihurtzen dira, eta arretagune bihurrarazten dituzte publizitatearekin diru gehiago irabazteko.
Egunkariak ez du mezu gehiagorik zabalduko sare soizael horretan, baina jarraitzen dituen 776 kontuei (pertsonak, erakundeak, enpresak) eutsiko die, modu puntualean mezuak bidaltzeko edo eztabaidetan parte hartzeko. Era berean, La Vanguardiako kazetariek badute sare soziala erabiltzen jarraitzea, betiere giza eskubideak errespetatuta.
Elon Muskek lehen Twitter zena erosi zuenetik, bot programak biderkatu egin dira, eta "gai garrantzitsuetan, Valentziako hondamendian, adibidez, Indiako botek milaka elkarrizketa publikotan hartu dute parte sare sozialaren jarioa handitzeko".