Gizartea -

goialdeko borraska

AEMETek gorritik laranjara jaitsi du Valentzian euriteengatik ezarritako abisua

Goialdeko borraskak hego-mendebaldera egingo du orduek aurrera egin ahala, eta Andaluziako hiru probintzia (Cadiz, Sevilla eta Huelva) alertapean jarriko ditu. Euri-jasek uholdeak eragin dituzte Malagan, eta 4.000 pertsona atera behar izan dituzte etxetik, badaezpada.

Gizon bat urpetutako Malagako kale batetik ibiltzen. EFE
Gizon bat urpetutako Malagako kale batetik ibiltzen.
Malaga hiriburuko kaleak, dendak eta ospitaleak urak hartu ditu

0:44

EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Goi-geruzetako Depresio Isolatua (GOIDI) baretzen doala ematen du, eta hala, Espainiako Meteorologia Agentziak (AEMET) gorritik (muturreko arriskua) laranjara (arrisku handia) jaitsi du Valentzia euriteengatik ezarritako abisua. Ohartarazpena eguerdira arte egongo da indarrean, eta ondoren, hego-mendebalderako bidea hartuko du, Andaluzia kolpatuta. 

Aurreikuspenaren arabera, Valentziako iparraldeko eta hegoaldeko itsasertzean metro koadroko 40 eta 100 litro espero dira, hurrenez hurren, ordubetean eta 12 orduan. 

Arratsaldera arte (18:00), abisu laranjapean izango dira Sevilla eta Cadiz, eta egun osoan, Huelva. Alacanten (Valentziako Erkidegoa) abisu laranja ezarri dute 10:00ak arte. 

Duela 15 eguneko triskantza gainditu ez duen Valentziarentzat gau luzea izan da gaurkoa. Oraingoz, baina GOIDI honek ez du aparteko kalterik egin zero gunean. Ekaitzek eta euri-jasek metro koadroko 80 litro utzi dituzte Culleran. Kostaldeko herri horretako hainbat kale eta estalitako pabilioia urak hartuta daude, eta hainbat gunetan mugitzea oso zaila da, harriak eta lokatza pilatu baitira. Dena dela, ez da kalte material handirik izan. Gainera, eta urriaren 29an ez bezala, euriteek ez dute La Hoya de Buñol y l'Horta Sud eskualdeetan txikiziorik eragin. 

Hezkuntza eta kirol jarduera guztiak bertan behera geratu dira Valentziako 163 udalerritan. Gainera, gauerdira arte, debekatuta dago ibilgailu pribatuarekin joan-etorriak egitea, ez bada urgentziazko eta ondo justifikatutako desplazamenduak egiteko. 

Egoera meteorologikoa tarteko, Carlos Mazon Valentziako Generalitateko presidenteak egun bat, ostiralera arte, atzeratu du Valentziako Gorteetan egin behar zuen agerraldia. Espero da PPko buruzagiak aurreko GOIDIaren kudeaketaren azalpenak ematea. 

Malagan, goizean goiz geratu da bertan behera atzo ezarritako abisu gorria. Badaezpadako neurri gisa, 4.000 pertsona baino gehiago atera dituzte euren etxeetatik, eta uholdeak izan dira Malaga hiriburuan, eta Velez-Malaga eta Benamargosa udalerrietan.

Egoera lasaitu bada ere, eskolak bertan behera daude Malagan eta Huelvan, baita Cadiz, Granada eta Sevillako hainbat ikastetxetan ere. 

Emakume bat, ura belaunetara arte duela, Malagan. EFE

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Andaluzia Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Ekaitzak Valentziako Erkidegoa Goialdeko depresioa