Gizartea -
TITULAR NAGUSIAK
Albiste izango dira: Alerta Valentzia eta Malagan, bullying epai aitzindaria eta Irungo emakume baten hilketa
Gaurkoan albiste izango direnen laburpena, bi hitzetan.
EITB MEDIA
Honako gai hauek hartuko dituzte gaur, 2024ko azaroaren 14an, hedabideetako lerroburu nagusiak:
- Alerta gorria Valentzian eta Malagan: Aemet Espainiako Meteorologia Agentziak abisu gorria (muturreko arriskua) aktibatu du euriagatik Malagako Axarquia eta Costa del Sol eta Guadalhorce eskualdeetan osteguneko 08:00ak arte. Era berean, Aemetek maila gorrira igo du euriteengatiko abisua Valentziako probintziaren iparraldeko eta hegoaldeko kostaldean, ostegun eguerdira arte. Ordubetean 40 l/m2 eta 12 ordutan 180 l/m2 pilatu daitezke.
- Epai aitzindaria bullying kasu batengatik: Bilboko epaile batek Santutxu auzoan dagoen Karitate Alabak Begoñako Andramari Ikastetxea zigortu du bullying kasu baten aurrean ezer ez egiteagatik. Biktima bost urteko neskato bat da, eta ikastetxeak 40.000 euroko kalte-ordaina pagatu beharko dio familiari. Epai aitzindaria da biktimaren adinagatik, ikastetxeak erantzukizun zuzena izan duelako, eta kalte-ordaina orain arteko handiena delako.
- Irungo emakume baten hilketa: Mossos d'Esquadrako poliziek 53 urteko gizon bat atxilotu dute Bartzelonan, 2022an emaztea hiltzea eta haren gorputza ezkutatzea egotzita. Emakumea Irungoa zen izatez, baina La Morera de Montsant herrian (Tarragona) bizi zen hil zutenean; oraindik ezin izan dute haren gorpua aurkitu. Atxilotutako gizona espetxeratu egin dute, hilketa, gorpua ezkutatzea eta tratu txar fisiko eta psikologikoak ematea leporatuta.