Gizartea -

Udaletxearen aurrean

Ehunka herritarrek elkarretaratzea egin dute Sader eta Profersa enpresak Bilbotik ateratzea eskatzeko

Bilboko Auzo Elkarteen Federazioak 4.000 sinadura baino gehiago aurkeztu ditu eskaerekin, eta entzunarazteko behar adina sinadura biltzen jarraituko duela ohartarazi du.

Elkarretaratzea Bilboko udaletxearen aurrean. Irudia: Sader Profersa Kanpora
Elkarretaratzea Bilboko udaletxearen aurrean. Irudia: Sader Profersa Kanpora
Elkarretaratzea Bilboko udaletxearen aurrean. Irudia: Sader Profersa Kanpora

Agentziak | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Bilboko Auzo Elkarteen Federazioak ehunka herritar bildu ditu gaur arratsaldean udaletxeko eskaileretan, Sader eta Profersa enpresak hirigunetik ateratzea eskatzeko. Horrela, 15 urtez jasaten ari diren "bidegabekeriaren" aurrean erakunde publikoen "moteltasuna" salatu dute.

"Nahiz eta Eusko Jaurlaritzak onartu duen Sader enpresak 2023an 967 tona hondakin arriskutsu baino gehiago tratatu zituela, jakin dugu konpainia saritu dutela tratamendu-gaitasuna % 40 handituz. Baimendutako mugak ez gainditzeko neurriak hartu beharrean, Eusko Jaurlaritzak hondakin arriskutsuak tratatzeko ahalmena handitu dio: ur toxikoen, bainu azidoen eta zabor arriskutsuen 30.000 tona gehiago", salatu du kolektiboak.

Federazioak 4.000 sinadura baino gehiago aurkeztu ditu eskaerekin, eta entzunarazteko behar adina sinadura biltzen jarraituko duela ohartarazi du.

"Egunero itotzen gara zaborra arnastuta, eta bete ez den adina aldiz hitzemandakolekualdaketa gauzatu beharrean, hondakin arriskutsuak ekartzen jarraitzen dugu Bilboren bihotzera; bitartean, gure Udalak 'Bilboko Manhattanen' etxebizitza berriak eraikitzeko aukera ematen du, nahiz eta haien leihoak eta balkoiak Estatuko leku askotatik iritsitako hondakin arriskutsuak tratatzen dituen kafeontzi zaharraren aurrean izan", deitoratu du.

Hori dela eta, herritarren osasunerako eskubidea defendatzeko lanean jarraituko duela ohartarazi du Federazioak, eta ez dela geldituko Udalak eta Eusko Jaurlaritzak "beren erantzukizuna onartu eta hirigunetik Sader eta Profersa ateratzen dituzten arte".

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bilboko Udala Bilbo Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Ingurumena Enpresaburuak Kutsadura